'Bizilagunak' egitasmoa izango da aurten ere, eta dagoeneko zehaztu dute data: azaroaren 20a

Kronika - Erredakzioa 2022ko aza. 2a, 00:00

Bazkari baten bueltan elkartuko dira bertakoak eta bertara iritsitakoak, horixe baita ekimenaren helburua. Izena emateko epea zabaldu dute. 

Orain arteko martxa jarraituta, bueltan da, aurten ere, Bizilagunak egitasmoa. Ekimena azaroaren 20an ospatuko da, eta, aurreko urteen antzera, mahairen bueltan bilduko dira bertakoak eta bertara iritsitakoak, elkarrekin bazkaltzeko. Buruntzaldean ez ezik, Gipuzkoa osoan (Tolosaldea, Goierrin...) izango da ekintza, eta parte hartzeko deia zabaldu dute antolatzaileek. 

«Begiratu zure ingurura! Jatorri ezberdinetako pertsonak ikusiko dituzu zure herriko kaleetan», luzatu diete mezua herritarrei. «Galdetu al diozu inoiz zure buruari zerk bultzatu zituen hona etortzera edo zeintzuk diren euren zirrarak, usteak, interesak edota esperientziak? Behar bada, zu zeu ere beste herrialde batetik etorri zara eta ez duzu bertan bizi den jendea ezagutzeko aukerarik izan». 

Dinamizatzaile eta mahai zapi baten laguntzaz, aurreiritziak eta estereotipoak gainditzeko aukera izango da. Gainera, ziurtatu dutenez, «gizarte kohesionatuagoa sortuko duen esperientziak, zaporeak eta bizipenak elkarbanatuko ditugu». 

 

Buruntzaldeko kanalak

Parte hartzeko interesa dutenek edota informazioa eskuratu nahi dutenek, honako hauxe dute bidea: batetik, mezu elektroniko bidez buruntzaldea.bizilagunak@sosracismo.eu helbidean; bestetik, 671 116 414 telefonora deituta; edo, internetez, www.sosracismogipuzkoa.org webgunean

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!