Bihar emango diote hasiera 'Hariak' zinemaldiari, eta bi astez luzatuko da

Kronika - Erredakzioa 2022ko aza. 2a, 00:00

Erresilientzia istorioen zinemaldia bihar hasi eta azaroaren 13an amaituko da. Saio guztiak Kulturarteko Plaza Feministan izango dira.

Flores de la llanura filmak irekiko du Hariak Erresilientzia istorioen zinemaldia, bihar, Kulturarteko Plaza Feministan. Hernaniko Udalak antolatuta, bederatzi egunez, 13 pelikula proiektatuko dituzte, guztiak Giza Eskubideen urraketen bueltakoak. Proiekzio guztiak, gainera, KPNn izango dira, eta azkena hilaren 13an izango da, hurrengo igandean. Horrekin batera, aurreratu dutenez, bertaratzeko ez da sarrerarik behar, eta pelikula bakoitza amaitzean, solasaldia eskainiko dute zuzendariek eta gaian adituek.

Kronikari kontatu ziotenez, antolatzaileek argi izan zuten, hasiera-hasieratik, zein izango zen zinemaldiaren gaia: Giza Eskubideen urraketak. Hain zuzen ere, joan den asteko larunbateko Kronikan Itsaso Lekuona Berdintasun eta Lankidetza zinegotziak eta Su Hernandez Amher Sos arrazakeria elkarteko kideak azaldu zutenez, «iruditzen zitzaigun errealitate hauei oihartzuna ematea beharrezkoa zela. Egon ginen pentsatzen, zein izan zitekeen tematika, eta argi genuen horixe izan behar zela. Antolatutako Zinemaldian, ikusiko dugu nola pertsonaiek aurre egiten dieten, eta nola egiten zaien erresistentzia sistemak eragiten dituen egoera injustuei». 

Eta hortik dator izenburuan erresilientzia aipatzearena. «Fokua jarriko dugu egoera injustu hauei ematen zaien erantzunetan», azaldu dute. «Horregatik, pelikula askotan, emakumeen aurkako erasoak agertzen dira, eta arrazakeria kasuak ere badaude. Beraz, gehien zapalduak diren errealitateekin egingo dugu topo, ikusiko ditugu pelikula hauekin, batez ere, etorkinak, pertsona migratuak, arrazializatuak, eta emakumeak», esan dute.

 

'HARIAK' ZINEMALDIA

KULTURARTEKO PLAZA FEMINISTAN

*Aste honetako egitaraua 

BIHAR, AZAROAK 3

19:00 Inaugurazioa

Jarraian, Flores de la llanura. Solasaldia: Mariana Xochiquetzal Rivera zundaria. 

AZAROAK 4

18:00 Nuestra libertad. Abortu eskubideari buruzko mahai-ingurua, Ana Palacios Briceño abokatu feminista eta Naroa Iturri Lizarribar Askabide Klinikako kidearekin. 

AZAROAK 5

11:00 La vida despues del ISIS

18:00 Como yo queria. Bi saioetan Olga Rodriguez kazetari eta Ekialde hurbilean adituak, pelikula bakoitzaren kokapena egingo du. 

AZAROAK 6

11:00 Els nostres George Floyd. Marc Almodovar eta Ricard Gonzalez zuzendarien parte hartzearekin. 

18:00 918 gau. Arantza Santesteban zuzendari eta protagonista izango da bertan. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!