Bi sari Iñigo Legorburuk, 'Bertsolari' aldizkariko bertso-paper lehiaketan

Kronika - Erredakzioa 2022ko aza. 1a, 00:00

Lehenengo bi sariak irabazi ditu Iñigo Legorburu hernaniarrak.

Helduen kategorian, plenoa egin du hernaniarrak, bitik bi sari irabazita. 

Bertsolari aldizkariak antolatutako bertso-paper lehiaketan gailendu da Iñigo Legorburu hernaniarra, helduen kategorian. Jokoan zeuden bi sariak irabazi ditu Ume zailduak eta Urrezko kopa bertso-sortekin. Lehiaketak bigarren edizioa du aurtengoa, eta Legorburuk aurreko urtekoaren markari heldu dio oraingo honetan ere; hain zuzen ere, joan den edizioan ere nagusitu zen Hernanikoa, minbiziaren bueltako bertso-sorta labur batekin. Aurtengoan, epaile lanetan aritu dira Mikel Mendizabal, Ekaitz Goikoetxea eta Eli Pagola hernaniarra.

Aurreratu dutenez, sorta sarituak udazkeneko alean argitaratuko dituzte, Unai Gaztelumendi bertsolariaren eta marrazkigilearen marrazkiekin.

Iaz bezalaxe, aurkeztutako bertso-sortek hiru bertsokoak izan behar zuten, eta doinua eta gaia, berriz, norberaren esku utzi zuten epaimahaikideek. Batetik, Ume zailduak bertso-sortan, Legorburuk ume baten istorioa jarri zuen erdigunean, eta horrekin irabazi zuen lehiaketa. «Egun osoan hain lanpetuak bizi diren gurasoak ikusi ere egiten ez dituen haur baten egunerokoa landu dut, Xabier Leteren Habanera doinuan», kontatu du. Horrekin, Asteasuko Otabardi landetxean asteburupasa irabazi du familia osoarentzat. Honako hauxe da bertso-sortako lehenengo bertsoa:

Eskolaz kanpokoetan
judoa ta yoga landu
etxean inglesa edo
solfeoa gogoz zaindu.
Zuek berriz enpresaren
esanetara otzandu:
Gaur berriro ordu-estrak,
ez baita azaldu Andu …
Stressak ta errutinak
gure izatea jan du
noiztik ez gara jarduten
batera jolasean gu?
Zalantzaren nebulosan
dena laino, dena gandu:
Ume izateko ere
ez ote nabil berandu?

 

Bestetik, bigarren saria jaso zuen Urrezko Kopa bertso-sortak. Emakumezko kirolarien hilerokoa eta gaixotasun agiria lortzeko eskubideak uztartu ditu, Xabier Leteren Langile baten semea doinuarekin. Zehazki, Olinpiar Jokoetara joateko zorian dagoen gimnasta nerabe baten paperean sartu da egilea: «Entrenatzailearen presioak eta hilerokoak sortzen dion minaren erruz, uko egiten dio txapelketara joateari». Kasu honetan, Getariako Elkano Scape-Roomerako lau sarrera lortu ditu Leborburuk, eta baita Lasturreko tabernan bi pertsonarentzako otordua ere. 

Sariak jasotzean, hernaniarra «pozik eta harrituta» azaldu zen. «Horrelako aldizkari batean saritua izatea ohorea da, dituen irakurleen mailagatik eta kalitateagatik». Horrez gain, dio, «poza ematen dit bi sariak bi gai hain ezberdinekin lortu izanak ere. Bietan, ikuspuntu berezia lantzen saiatu naiz, uste dudalako gaiak hasieran diruditen baino sakonagoak izan daitezkeela». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!