Arte sorkuntzarako dirulaguntza deialdia zabaldu du Udalak

Kronika - Erredakzioa 2022ko urr. 30a, 00:00

Arte Sorkuntza bekaren irabazleak aurreko edizio batean.

Azaroaren 28ra arte aukera dago eskatzeko eta 10.000 euro bideratuko dira laguntzeko.

Hernaniko Udalak beste urte batez, arte sorkuntza sustatzeko dirulaguntza deialdia ireki du eta 10.000 euro bideratuko ditu Hernaniko artista plastikoei sorkuntza prozesuetan laguntzeko.

Deialdi honetarako proposamenak aurkezteko epea zabalik dago azaroaren 28a bitarte.

Dirulaguntza honen bidez, arte plastikoek Hernaniko kaleetan duten presentzia areagotu nahi da. Kalean egingo diren sorkuntza hauetan teknika artistiko hauek erabili litezke: pintura, eskultura, graffitia, mosaikoa, collagea….

2022ko deialdi honek artea auzoetara eramatea du helburu, eta horrela, aurkeztutako obren proposamenak Hernaniko auzo bati lotuta aurkeztuko dira, hau da, auzo horren nortasunari eta ezaugarriei egokituta.

Teknika artistikoen erabilera librea da eta espazio publiko zein pribatuetan kokatzeko aukera dago. Espazio publikoen kasuan, Hernaniko Udalak berretsiko du leku egokia den, eta pribatuen kasuan, nahitaezkoa izango da bizilagunen edo jabeen baimena izatea.

Dirulaguntza deialdira aurkezteko interesa dutenek, kulturako web orrian daukate informazio guztia eskuragarri (kultura.hernani.eus); eta baita udaletxean bertan ere, Herritarren Harrera Zerbitzuan.

Dirulaguntza hau lor dezakete kultur eremuren batean diharduten edo hasi nahi duten pertsona fisikoek zein elkarteek. Horretaz gain, eskatzaileak nahitaez egiaztatu beharko du, dirulaguntza eskatzeko datan, adin nagusikoa dela.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!