Donibane Garazin, BTNren bigarren finalaurrekoa

Kronika - Erredakzioa 2022ko urr. 29a, 00:00

Gaur izango du beste zita bat Bertsolari Txapelketa Nagusiak, Nerea Elustondo eta Asier Azpiroz tartean.

Gaur jokatuko da, Donibane Garazin, Bertsolari Txapelketa Nagusiaren bigarren finalaurrekoa. Arratsaldeko 17:00etan izango da, Jai Alain. Sei bertsolari ariko dira oholtza gainean, eta Hernaniko Bertso Eskolako bi kide izango dira tartean: Asier Azpiroz zubietarra eta Nerea Elustondo legazpiarra.

Honako lau bertsolariek osatuko dute seikotea: Amets Arzallus, Oihana Iguaran, Haritz Mujika eta Aitor Etxebarriazarraga.

Saioa ikusteko sarrerak internet bidez eskuratu daitezke, gaur eguerdiko 12:00ak arte, bertsosarrerak.eus webgunean. Hortik aurrera, Donibane Garaziko Jai Alain bertan erosi beharko dira, eta arratsaldeko 15:00etan irekiko dute txarteldegia. 17 euro dira sarrera arrunta, 10 euro gazteena, eta 14 euro Bertsozale Elkarteko bazkideena.

Bestalde, telebistan ere izango da saioa ikusteko aukera, zuzenean eskainiko baitu ETB4 kateak. eitb.eus webgunean ere eskainiko dute. k

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!