Etxebizitzako geletarako kolore egokia aukeratzea uste baino dilema haundiagoa izan ohi da batzuetan. Izan ere, etxe bat jantziko duten koloreen eta moten behin betiko aukeraketa egiterakoan, zalantzak izaten dira nagusi, eta baita kideen arteko desadostasunak ere. Grixa, txuria, urdina, kolore ilunak, argiak, pintura ekologikoa, hezetasunaren aurkakoa, intsektuak uxatzekoa...
Lasai, makina bat aholku eta jarraibide daude aukeraketa egokia egiteko. Jarraian zerrendatuko ditugu horietako asko pausoz paso, beraz, adi, eta eutsi bukaerara arte:
Lehenengo pausoa: Garrantzitsua da koloreen eta tonalitatearen bueltan hausnarketa egitea. Hartu horretarako beharrezkoa den denbora, betiere kontuan hartuta zer erabilera mota egingo den gela bakoitzean (egongela, logela, eta abar). Izan ere, koloreak gelaren erabilgarritasunera egokituta egon behar dute beti, eta ez alderantziz.
Bigarren pausoa: Ezer baino lehen, pintura mota aukeratu beharko da. Etxean haurrak baldin badaude, adibidez, ideia ona da paretak erraz garbitu ahal izateko pintura izatea. Modu horretan, helduek ez dute zertan gehiago kezkatu beharko. Edota, etxebizitza hezea baldin badugu, garrantzitsua izango da hezetasunen aurkako pintura mota aukeratzea. Ekologikoa ere badago, aromatikoa, intsektuen aurkakoa...
Hirugarren pausoa: Gelaren tamaina aintzat hartzea ezinbestekoa da. Kolore ilunak erabilita, gela txiki batek espazio murritzaren sentsazioa izango du. Aldiz, pastel tonuek, kolore argiek eta, batez ere, kolore txuriek kontrako efektua lortuko dute, eta gela horiek haundiagoak direla emango dute.
Laugarren pausoa: Argitasunari arreta jartzea komeni da. Etxeak duen argi naturala, gela bakoitzak bereziki, kontuan hartu beharreko faktorea da. Horretarako, aintzat hartu behar da etxebizitzak eguzkiarekiko duen orientazioa, gela bakoitzaren orientazioa (fatxadara edo patio batera ematen duten ala ez), eta abar.
Bosgarren pausoa: Sabaiak margotzea funtsezkoa da geletan sortuko den argitasunerako. Ez da batere gomendagarria kolore ilunak aukeratzea, horrek argitasuna galtzea eragingo baitu. Edozein sabairako kolorerik gomendagarriena txuria da, baina sabaiak apaindu nahi baditugu, kolore-nota bat erantsiz, adibidez, aukera ona da paretakoarekin ondo konbinatzen duen tonua erabiltzea, baina askoz ere tonalitate argiagoan.
Seigarren pausoa: Adi altzariekin. Dagoeneko aukeratuta baldin badaude edota gela barruan baldin badaude, idealena litzateke gelaren eta altzarien koloreak modu harmoniatsuan konbinatzea.
Zazpigarren pausoa: Azkenik, aurreko faktore guztiak aintzat hartuta, koloreak aukeratzea baino ez zaigu faltako. Horretarako, RAL edo NCS kartak izango ditugu. Kolore-karta horietan, kolore-sorta haundia dago aukeran, eta era guztietako gustu estetikoetara eta beharretara egokituko dira.
Eta horrekin guztiarekin, amaituta! Etxeko geletarako eta egongelarako kolore guztiak aukeratuta dituzuenean, kalitate oneneko pintura erostea baino ez zaizue geldituko, punta-puntako emaitza ziurtatzeko.