Uribealdea hartuko du Hernanik gaur Landaren, Ohorezko B Mailan

Kronika - Erredakzioa 2022ko urr. 29a, 00:00

Oier Garmendia, baloia eskuetan duela, Uni Bilbaoren kontrako partiduan.

Arratsaldeko 16:00etan jokatuko du ligako hirugarrena talde trikoloreak, beste garaipen baten bila.

stebeteko etenaldiaren ondoren, gaur bueltatuko da lehiara Hernani, mutilen Ohorezko B Mailan. Etxean jokatuko dute trikoloreek, arratsaldeko 16:00etan hasita, Landaren; eta Uribealdea hartuko dute. 

Irabazi beharreko partidua da Hernanirentzat, igoera fasera sailkatzeko aukerei begira. Talde bizkaitarra ez da ligako indartsuenetakoa, eta ahal dela, bost puntu lortzera aterako dira trikoloreak, zaleen aurrera.

 

'Bada beste modu bat' saria jasotzeko hautagai, Hernani CREren talde inklusiboa

Hernani Club Rugby Elkarteak jakinarazi du, bestalde, klubeko atal inklusiboa aukeratu duela Cadena Serren San Sebastian Irratiak, bere sarietako bat jasotzeko hautagaien artean. Bosgarrenez banatuko ditu sariak San Sebastian Irratiak, 10 kategoriatan; eta horietako bat da Bada beste modu bat saria, Laboral Kutxak emandakoa. Sari hori jasotzeko finalista da Hernani CRE, beste bi hautagairekin batera: Gipuzkoako Elikagai Bankua eta Why Not fundazioa.

Sari hori nork jasoko duen, herritarrek erabakiko dute, boto bidez. Izan ere, bozketa irekia jarri dute martxan, internet bidez: a.cstmapp.com/quiz/945805 helbidean eman daiteke botoa.

Hernani CRE aukeratu dute, gizarteko inklusioarekin erakutsi duen konpromisoagatik eta emandako bultzadagatik. «Urteak dira Hernani CREko talde guztietako jokalariak, gaztetxoenetatik beteranoetara, inplikatuta daudela ezintasunen bat duten pertsonen inklusioan, inor baztertu gabe adinagatik edo beste edozein arrazoirengatik. 2021ean, Landaren jokatu zuten errugbi inklusiboko aurreneko partidu ofiziala Estatuan», nabarmendu dute sarien antolatzaileek.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!