Ekitaldia egin zuen Hernaniko PSE-EEk, asteazkenean, Ricardo Crespo Hernaniko Udalerako alkategai gisa aurkezteko. Bertan izan zen Jose Ignacio Asensio ere, Gipuzkoako PSE-EEren idazkari nagusia eta Gipuzkoako Ahaldun Nagusi izateko hautagaia. Crespok adierazi zuen, beste behin, «Hernaniri kalte» egin diotela «ezker abertzalearen gehiengo absolutuek. Soilik balio izan dute proiektuak atzeratu eta zerbitzu publikoek okerrera egiteko». Zentzu horretan, nabarmendu zuen herriak ez duela aurrera egiten: «ikusten ari gara aurrea hartzen digutela inguruko herriek, Hernaniko enpresak herri horietara mugitzear daudela kudeaketa faltagatik, eta industriaguneak garatu gabe daudela».
Sozialisten alkategaiak dio, «oposizio arduratsua» egiten ari direla, «proposamenak aurkeztuz eta aldaketarako alternatiba landuz». Horregatik, uste du PSE-EE izango dela «bermea», Udalak «benetan herritarrei laguntzeko neurriak har ditzan, konponbideak bilatuz, eta ez arazo berriak sortuz». Gainera, aipatu zuen Udalak 14 milioi euroko gerakina daukala, «proiektu asko burutu gabe daudelako».
Asensiok, bere aldetik, adierazi zuen «aldaketa bat» behar duela Hernanik: «gobernatzeko modu berri bat, balore berriak, bultzada berri bat, eta Ricardo Crespo buru duen talde berri bat. Bera da alkategai onena».
Bestetik, azaldu zuen «EH Bilduren urteak kalte» egiten ari zaizkiola Hernaniri, eta ondorioa «mingarria» dela: «herriko kaleetatik paseatu besterik ez dago, ulertzeko herritarren kexak kaleko mantenimenduari buruz, parke eta jardinen utzikeriari buruz, garbiketako zabarkeriaz, edota espaloien egoera txarraz».
Azkenik, Asensiok adierazi zuen «galdutako legegintzaldiak» izan direla: «gobernu partidistak izan dira, proiektu subiranistari diru publikoa bideratu diotenak, eta akordioetara iristeko borondate gutxi dutenak».