«Liburutegiek gizartea eraldatu dezakete»

Kronika - Erredakzioa 2022ko urr. 27a, 00:00

Gizartea eraldatzeko duten potentziala agerian jartzeko saioa egin zen atzo Hernanin.

Joan den martxotik, Eusko Jaurlaritzaren Liburutegi Zerbitzua eta Euskadiko Irakurketa Sare Publikoa lanean ari dira, liburutegiak Agenda 2030aren esparruan garapen iraunkorreko politiketan eragile eta aliatu gisa kokatzeko. Liburutegiak agenda politikoan kokatu nahi dituzte, eta haien potentzial eraldatzailea gizartean ikusarazi. Hori lortzeko ekintzak egiteko, beste eragile batzuk identifikatu dira.

Lehenengo proposamena politikaren, elkarteen eta gizarte zibilaren ordezkariekin lantegiak egitea da, ikuspegiak trukatzeko, esperientziak komentatzeko eta konpromisoak sortzeko. Aurreneko proiektu pilotuak hiru lantegi ditu, eta EAEko hiru herrialdeetako herri banatan ari dira garatzen.

Liburutegien egunean, astelehenean, lehenengo saioa egin zen Gasteizen (Araba), bigarrena as­teartean Iurretan (Bizkaia), eta atzo Hernaniren (Gipuzkoa) txan­da izan zen. Lantalde horren asmoa da Euskadiko liburutegi gehienetan antzeko tailerrak antolatzea hurrengo hilabeteetan.

 

Hernani, proiektu pilotua

Hernaniko saioan elkartu ziren Beterri-Buruntza eskualdeko kulturarekin zuzeneko loturarik ez duten bestelako eragileen profilak. Adibidez, Agifes (Buru Osasun Arazoa duten Pertsonen eta Senideen Elkartea), Amher, Behemendi, Goiz Eguzki, Buruntzaldea Euskaraz eta Iturola coworking gunea gonbidatu zituzten. Hernaniko Xabier Lertxundi alkateak eta zinegotziek ere parte hartu zuten.

Bestalde, Euskadiko Liburutegien Zerbitzuko eta ALDEEko (Artxiboetako, Liburutegietako eta Dokumentazio Zentroetako Pr­ofesionalen Euskal Elkartea) ordezkariak ere izan ziren saioan. Halaber, hitzaldia eman zuen Alicia Sellés Carotek. Valentziako Komunitateko Liburuzain eta Dokumentalisteen Col·legi Ofizialeko lehendakaria eta Liburutegien Lankidetzarako Kontseiluko kidea da Sellés.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!