Urriko Plenoak puntu denak onartu ditu aho batez

Kronika - Erredakzioa 2022ko urr. 27a, 00:00

Eztabaidarik ez zen sortu landutako gaietan, adostasuna ia erabatekoa izan baitzen. 

Aho batez onartu ziren eguneko puntu denak, Hernaniko Udalaren urriko Plenoan. Hirugarren puntuan, 2022 aurrekontuaren kreditu aldaketaren alde talde guztiek baiezkoa bozkatu zuten. Lau inbertsio finantzatzeko kreditu gehigarri bidezko espedientea onartu zen.

Gai-ordeneko laugarren puntuan, Udalbatzak berretsi egin zuen Ereñotzuko kirol eremuaren berran­tolaketa eta berriztapen proiektuan finka bat desjabetzeko erabakia, Auzo Udalak zehaztutako terminoetan. Bosgarren puntuan, berriz, Osiñagako Txonkuenea baserriaren parean herri bidearen trazadura aldatzea eta desafektazio expedienteari hasiera ematea onartu zen. Orain bide pribatua dena, publiko egingo da; eta publiko dena, pribatu bihurtuko da.

Seigarren puntuan, 2023 taxien tarifak %10,5 igotzea onartu zen aho batez, azken hilabeteetan gasolinan eta gasoilean izan diren igoeren ondorioz. 

 

Bi mozioak, onartuta

Ondoren, Elkarrekin Podemosek mozioa aurkeztu zuen, Bildurekin adostuta, Onkologikoaren egoera eta Osakidetzaren integrazioa direla. Aho batez onartu zen mozioa.

«Azken urteetan, Onkologikoaren egoera egunetik egunera okertzen ikusten ari gara. Udalbatzak eskatzen dio Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari, lehen zuen aktibitatea berreskuratzeko eta haunditzeko neurriak har ditzala», eskatu dute mozioan, besteak beste. 

PSE-EEk aurkeztu zuen mozioa ere, aho batez onartu zen. Eskatu zuen urtea amaitu baino lehen Galarretako eremuan semaforo bat jartzeko aukera aztertzea, errepideko bi elkarguneetan, oinezkoei zerbitzua eskainiko diena. Eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskumena bada, erakunde honekin batera oinezkoentzako segurtasun neurriak elkarrekin hartzea adostea, proposatutako semaforoak jarri daitezen.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!