60 urte geroago, Karmelo Labaka EPOko 1961-62 promozioa bildu zen

Kronika - Erredakzioa 2022ko urr. 25a, 00:00

Suharri jatetxean elkartu ziren larunbatean hamahiru ikaskide ohi, aspaldiko garaiak oroituz.

Larunbatean, Galarreta frontoi ondoko Suharri jatetxean bildu ziren, Karmelo Labaka-EPO Lanbide Eskolako, 1961-62 promozioko hamahiru ikasle ohi. Metaleko espezialitatekoak ziren Industria Ofizialeko graduan. Batzuk doitzaileak izan dira, besteak tornulariak eta gainerakoak fresatzaileak. 

Guztira 32 ikaslek bukatu zituzten ikasketak. «Prestakuntza teknikoa eta gertukoa jaso genituen, eta horrek asko lagundu zigun gero bizitzan duintasunez moldatzen», dio Patxi Apezetxeak. 

Lanbide Heziketako ikasketa horiek, 1958an hasi zituzten, «hamahiru urte genituela, gaur egun Guria taberna, Urbieta kalean dagoen eraikin batean. Eraikin hori, urte batzuk lehenago, Cinema Ideal izenez ezagutzen zen zinema-areto bat zen, eta zegozkion lanen bidez, ikastetxea bihurtu zen EPO izenarekin (Escuela Profesional Obrera)». 

Handik gutxira, eskola, egungo kokapenera aldatu zen eta ikastetxeak Karmelo Labaka Lanbide Eskola izena hartu zuen, bere babesle eta sortzaile nagusiaren omenez, izen bereko Hernaniko erretorearena hain zuzen. 

Promozioko askok, «Industria Maisutzako ikasketak jarraitu genituen Donostian, eta batzuek Peritaje gradua lortu arte ere bai, gehienek, lana, ikasketa horiekin txandakatuz. Garai haietan ez zegoen langabeziarik. Ikastetxetik irten eta berehala, hasi ginen lanean, Orbegozo, Michelin, eta inguruko beste industria batzuetan». EPO Ikastetxetik irten eta 25 urte betetzean, efemeridea ospatzeko bildu ziren, eta, «ordutik, aldian-aldian, berriro elkartzen gara, iraganeko garai haiek harmonian gogoratzeko». 

«Zoritxarrez, ez gaude denok. Zortzi ikaskide hil dira eta beste batzuk ezin izan dira hitzordura etorri hainbat arrazoirengatik», azaltzen du Patxi Apezetxeak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!