Garaipen haundia lortu dute Barrenetxeak eta Goikoetxeak, binakakoaren lehenengo partiduan

Kronika - Erredakzioa 2022ko urr. 25a, 00:00

Endika Barrenetxea eta Ander Goikoetxea.

Nagusitasunez menderatu zituzten Ansa eta Juanenea (40-27), hasieratik aldea lortuta markagailuan. Sekulako mailan aritu zen Endika Barrenetxea hernaniarra, sakez bederatzi eta jokoan zazpi tanto eginda, eta huts bakarra.

Ezin hobeto hasi dute Binakako Txapelketa, Endika Barrenetxea hernaniarrak eta Ander Goikoetxea urnietarrak. Nagusitasunez menderatu zituzten Imanol Ansa eta Aritz Juanenea, larunbat arratsaldean Galarretan, ligaxkako bere aurreneko partiduan (40-27). Horrela, lau punturekin lider daude sailkapenean, Segurolarekin eta Larrañagarekin batera; eta punturik gabe geratu dira Ansa eta Juanenea, Aldabe eta Azpiroz bezalaxe.

Hasieratik izan ziren jaun eta jabe, Barrenetxea eta Goikoetxea. Are gehiago, beraiek lortu zituzten partiduko aurreneko zazpi tantoak, eta alde horri eutsi zioten lehiaren erdialdera arte: 10-3, 12-5 eta 19-12 izan ziren aurretik. Orduan lortu zuten gerturatzea Ansak eta Juaneneak, eta bi tantora gerturatu ziren (25-23). Baina markagailuari buelta emateko esperantzak ez zien askorik iraun, bigarren takada bat lortu baitzuten Barrenetxeak eta Goikoetxeak, ia erabakigarria: 31-23 jarri ziren aurrena, eta 36-24 ondoren. Hortik aurrera, ahalik eta tanto gehien pilatzea izan zen urdinen ahalegina: gutxienez 26 tantora iristea, puntu negatiborik ez jasotzeko. Lortu zuten hori, baina ez askoz ere gehiago, 40-27koarekin bukatu baitzuten partidua.

Bikain aritu zen Barrenetxea, eta bereziki saketik dominatu zuen jokoa. 16 tanto egin zituen guztira, sakez bederatzi eta jokoan zazpi; eta huts bakarra pilatu zuen, sakez egindako falta batekin. Jokoan, akats bakar bat ere ez zuen egin. Oso antzekoak izan ziren Goikoetxearen estatistikak: 16 tanto lortu zituen, eta huts bakar bat ere ez, partidu borobila osatuta. Ez zuen arriskatu, baina bikain aritu zen pelota mozten, ezker paretara sartzen eta atzera pelotakada indartsuak jotzen.

Bikote urdinean, 15 tanto egin eta lau huts pilatu zituen Ansak, eta sei tanto egin eta beste lau huts pilatu Juaneneak. Akats gehienak, gainera, partiduaren bukaera aldera egin zituzten urdinek.

 

Datorren larunbatean, ligaxkako bigarrena

Aste honetan bertan jokatuko dute ligaxkako bigarren partidua, Barrenetxeak eta Goikoetxeak. Larunbatean izango da, arratsaldeko 16:30etan Galarretan; eta Josetxo Ezkurra eta Ibai Martirena izango dituzte kontrario. Beste lau puntu lortzera aterako dira hernaniarra eta urnietarra, zuzenean finalera sailkatzeko hautagaitza sendotzeko. Ligaxkako aurreneko bikoteak lortuko du hori.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!