HYROX mundialerako sailkatu dira Aitor Lizarazu eta Ismael Mateo

Kronika - Erredakzioa 2022ko urr. 25a, 00:00

Denontzat taldeko kideak, Valentziako Hyrox proban.

Valentziako proban aurreneko postua lortu zuten Denontzat taldeko bi kideek, beraien kategorietan.

Aurreko asteburuan hasi zen Hyrox liga, Valentziako probarekin; eta bertan izan ziren Hernaniko Denontzat taldeko 25 kide, kategoria ezberdinetan. Horietatik hainbatek lortu zuten podiumera igotzea, proba bikaina osatuta. Aitor Lizarazu eta Ismael Mateo, gainera, koxka gorenera igo ziren, bakoitzak bere kategorian garaipena lortuta: 30-34 urteko gizonezkoetan Lizarazuk, eta 45-49 urteko gizonezkoetan Mateok.

Horrekin, txartela preziatu bat ere eskuratu dute biek: Ingalaterrako Manchesterren jokatuko den munduko txapelketa lehiatzeko aukera, datorren urteko maiatzaren 27an.

Hyrox ligako aurreneko proba izan zen Valentziakoa, eta beste lau izango dira jokoan datozen hilabeteetan. Madrilen izango da hurrengoa, azaroaren 26an. Beste hirurak, datozen urtean jokatuko dituzte: otsailaren 11n Bilbon, martxoaren 18an Bartzelonan, eta apirilaren 15ean Malagan. Bide horretan, Europako Txapelketa ere izango da Herberehetan, Maastricht hirian, urtarrilean.

Modalitate berria da Hyrox izenekoa. 8 kilometroko ibilbidea izaten dute probek, eta partehartzaileek zortzi ariketa egin behar izaten dituzte tartean. Horrela, korrika egiten duten kilometro bakoitzeko, ariketa bat osatu behar dute. Denontzat taldetik azaldu dutenez, sekulako erantzuna ari da izaten, eta milaka kirolari animatu dira parte hartzera. Banaka zein binaka hartu daiteke parte, eta Pro eta Open kategoriak daude: prestatuen daudenentzat aurrenekoa, eta herrikoiagoa bigarrena. Horregatik, diote edozein kirolarirentzako moduko probak direla.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!