«Atsekabetuta gaude Portu-Karabel bidean izandako atzerapenarekin»

Kronika - Erredakzioa 2022ko urr. 24a, 00:00

Hernaniko PSE-EEk kritikatu du Udala «oso berandu» hasi zela lanean, erabilezin geratuko zen geltoki barruko bideari alternatiba bilatzen.

Gogor kritikatu du Hernaniko PSE-EEk, Portu eta Karabel artean oraindik oinezko biderik ez egotea, orain arte Renferen geltokiaren barrutik zijoanaren alternatiba gisa. Sozialisten iritziz, «ez da aurrera egin, eta oraindik ez da bidea irekitzea espero, nahiz eta Renfeko geltoki berria irailean inauguratu zen».

Ricardo Crespo bozeramaileak nabarmendu du, geltokitik igarotzen zen bide horrek «funtsezko zerbitzua» ematen ziela bi auzoetako bizilagunei, «ikastolara joateko, edo igogailuan Kaxkora igotzeko erosketak egitera». Geltoki berriarekin, ordea, erabilezin geratu da pasabide hori, «batez ere segurtasun arrazoiengatik. Bide horren alternatiba askoz ere luzeagoa da, eta denboraren bikoitza baino gehiago eskatzen du».

Zentzu horretan, Crespok azaldu du Renfeko arduradunek Hernaniko Udalari jakinarazi ziotela, geltokia hobetzearekin batera, erabilezin geratuko zela bide hori: «orduan hasi zen Udala konponbidearen bila lanean, oso berandu. Baina geltoki berriaren lanak hasi eta 18 hilabete baino gehiagora, bidea ez da existitzen oraindik».

«Urteak dira Renfek geltokia berritu behar zuela, eta Udalak ondo zekien bide hori arriskutsua zela»

Horren harira, bozeramaile sozialistak adierazi du «mingarria» dela «EH Bilduren ardura falta ikustea, beste gai askotan bezala, baita honetan ere. Urteak dira Renfek geltokia berritu behar zuela. Udalak ondo zekien bide hori gune arriskutsuetatik zijoala eta, gainera, ez zirela Udalarenak. Baina ez da ezer egin azkeneko unera arte. Eta ez da legegintzaldi honetako kontua bakarrik; ezker abertzaleak gehiengo absolutuarekin gobernatu du Hernanin azkeneko 11 urteetan, eta ez da gai izan aurrea hartzeko, iritsiko zela bagenekien arazo bati», adierazi du Ricardo Crespok.

Azkenik, Hernaniko PSE-EEk gaineratu du «harrigarria» dela «EH Bilduren utzikeria, Hernaniko gai askotan». Kritikatu du «azkeneko momentuan bakarrik» jarduten duela, «dagoeneko berandu denean; eta horrek behartzen du konponbideak gehiago atzeratzera, herritarrei zu­zenean eraginez».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!