«Ez dugu inoiz ahaztu behar hemen gertatu zena, eta belaunaldi berriei transmititu behar diegu»

Kronika - Erredakzioa 2022ko urr. 23a, 00:00

Emakume bat, senide fusilatuari loreak eskaintzen, 'Argi-Horma'n.

Oroimen ekitaldia egin zuten atzo eguerdian Hernaniko hilerrian, 1936ko irailetik azarora bitartean fusilatu zituztenak gogoan izateko.

Hunkigarria izan zen atzo egu­er­diko ekitaldia, Hernaniko hilerrian. Udalak antolatuta, gogoan izan zituzten 1936ko irailetik azarora bitartean Hernanin fusilatu eta dokumentatu gabe lurperatu zituztenak, eta lore eskaintza egin zieten, Argi-Horma monumentuaren aurrean.

Fusilatuen senide asko, herritar ugari, udal korporazio osoa eta beste instituzioetako ordezkariak bertan zirela, ia ordubeteko omenaldia egin zieten. Garai haietara bidaia musikala egin zuten Roberto Pacheco eta Judith Montero saxofoijole hernaniarrek, ekitaldia hasteko; eta Irati Sarasuak eta Urko Apaolazak egin zuten aurkezpena. Hilabete haietako gertakarien berri eman zuen Apaolazak, eta nabarmendu zuen, perfil ezberdinetako herritarrak izan zirela fusilatuak, ihes egin ez zutenak horrela bukatzeko arrazoirik ez zutelako: «Gehienak Ondarretako kartzelan eduki zituzten, eta denbora batera, esaten zieten libre zirela, baina Hernanira ekartzen zituzten fusilatzera; hasieran Galarretan, eta gerora hilerrian. Hemen daude lurperatuta, baina ez dakigu zehatz non. Asko dago ikertzeko oraindik. Frankistek nahi izan zuten beldurra sortu, eskarmentua eman eta ahaztu zedila gertatutakoa, baina ez zuten lortu, ez baitugu ahaztu».

Concha Artola, fusilatuetako baten senidea, igo zen ondoren taula gainera, bere bizipenak konpartitzera: «Miguel Artola zu­­en izena nire aitonak, eta Donos­tiako udaletxeko langilea zen. Hilerri honetako horman fusilatu zuten. Ez nuen aitona ezagutu; nire aitak 12 urte zeuzkan hura hil zutenean. Aitak ez zuen askorik hitz egiten berari buruz, oso mingarria zitzaiolako; baina aitonaren oroitzapena bidelagun izan dut bizitza osoan. Hemen zaudeten gehienak ere, galdu zenituzten senide horien konpainiarekin biziko zineten beti, nahiz eta ez ezagutu. Niretzat oso atsegina da gaur aukera hau izatea, elkar ezagutzeko eta gure memoria eta istorioak konpartitzeko, bakoitza bizirik mantentzeaz arduratu dena. Ez dugu inoiz ahaztu behar hemen gertatu zena, eta ez da gurekin amaitu behar den ekintza bat, belaunaldi berriei transmititu behar dieguna baizik. Ni beste Miguel Artola batekin etorri naiz gaur, nire iloba; oroitzapena bizirik mantenduko duen beste belaunaldi bat».


Xabier Lertxundi alkateak hartu zuen hitza azkenik, senideei eskertuz memoria bizirik mantentzeko egin duten lana, eta bide horretan elkarlanean jarraitzearen garrantzia azpimarratuz. Eta ondoren, agurra eskaini zieten Hernaniko dultzaineroek eta Ttarlako dantzariek fusilatuei, eta loreak bertaratuek.

Erlazionatuak

Oroimen ekitaldia, Hernaniko hilerrian

Kronika - Erredakzioa 2022 urr 22 Hernani

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!