Gazte Langileontzako Proposamen Politikoa aurkeztu du GKSk

Kronika - Erredakzioa 2022ko urr. 22a, 00:00

«Gazte langileon arazoei aurre egin, elkartasuna antolatu eta Estatu Sozialistaren bidean pausuak emateko».

GKSk, proletarizazioari aurre egiteko borondatearekin, Gazte Langileontzako Proposamen Politikoa aurkeztu du. «Gazte langileon arazoei aurre egin, elkartasuna antolatu eta Estatu Sozialistaren bidean pausuak emateko helburuarekin». 

Gazte Koordinadora Sozialistatik diotenez, «gainbeheran dago gizarte kapitalista, krisian eta gazte langileoi inoiz baino gogorragoak zaizkigu krisi honen ondorioak. Langabezia kronikoa, soldata baxuak, inflazioa eta zerbitzu publikoen murrizketek bizi eredu geroz eta pobreago batera garamatzate. Eskubide politikoak ezabatzen dituzte, kriminalizatzen gaituzte eta egunerokotasunean bizi dugu jazarpen poliziala. Honen arduradun nagusiak, bankariak, enpresariak eta politikari profesionalak dira. Beraiek sortutako pobreziara eta autoritarismora ohitu nahi gaituzte, inposatutako miseria normalizatu nahi dute». 
Gaur egungo gazte langileon egoeraren analisitik bost auzi nagusi identifikatu dituzte: «Gazteen Lan Merkatua, bizi ereduaren pobretzea, gazteoi bideratutako Kultur- Industria, hezkuntza sistema eta autoritarismoa eta eskubide politikoak».  

Gazte problematikaren auzi horiei hamabi aldarrikapen kontrajarri dizkiete: «Lan baldintzak berdinak guztiontzako; gazteon lan baldintza prekarioekin amaitu; oinarrizko bizi bitartekoak bermatu; denbora librerako eta norberaren garapen askerako baldintzak sortu; ingugiroaren suntsipena borrokatu; indarkeria matxista borrokatu; pobreziaren normalizazioari aurre egin; despolitizazioari aurre egin; enpresarien interesetara dagoen hezkuntza ereduarekin amaitu; hezkuntza edukiz husteari ez, autoritarismoa borrokatu; gazte langileon aurkako kriminalizazioarekin eta jazarpenarekin amaitu; eta eskubide politikoak borrokatu». Programa honen baitan, hainbat herritan borroka dinamikak jarriko dituzte martxan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!