Euskaraldia

«Askok dakigu euskera eta gutxik hitz egiten dugu, beraz, hor jarri behar dugu fokoa»

Kronika - Erredakzioa 2022ko urr. 22a, 00:00

Eider Tolosa eta Xabier Ezponda,Tilosetan.

Gaur 12:00etatik 14:00etara bitartean, Euskaraldiko postua jarriko du Euskara Ari Duk, Kixkal parean. Izenemateen kudeaketa, txapa banaketa eta arropa erosteko aukera ere egongo da.

Hitzez ekiteko garaia heldu da. Azaroaren 18tik abenduaren 2ra, Euskaraldiak hartuko ditu herriko txokoak, mihiak eta belarriak. Beraz, belarriprestak eta ahobiziak, hasi ahoak eta belarriak prestatzen, hemen da eta, Euskaraldia. 

2018an egin zen aurrenekoz Euskaraldia, 11 egun euskaraz lelopean. Garai hartan, norbanakoengan jarri zen fokua eta milaka izan ziren hizkuntza ohiturak aldatzeko helburuarekin ahobizi eta belarriprest moduan ariketan parte hartu zutenak. Bigarren ariketa 2020an burutu zen, eta, horretan, entitateei ere ariketan parte hartzeko gonbidapena egin zitzaien, euren eremuetan hizkuntza ohiturak aldatzeko urratsak ematen has daitezen, eta entitateko kideen parte-hartzea sustatu eta babestu dezaten eta ariguneak sortu ziren. 

Aurten, Hernaniko Euskaraldiko dinamizatzaile testigua Xabier Ezpondak hartu du. Aurtengo asmoak zeintzuk diren eta zein egitasmo burutuko diren azaldu dizkio Kronikari.  

Ezpondak aitortu du aurreko edizioetan lortutakoari eustea eta horrekin jarraitzea dela asmo nagusia: «lan haundia egin da orain arte eta dinamika horrekin jarraitzea izango da asmoa. Buru-belarri egon gara izenemate prozesuan, eta jende berriarengana hurbildu gara». Ezpondak, aurtengo edizioaren aurreikuspen orokorra egin du, eta dio azkeneko edizioaren antzerako zerbait lortuko dela. Hala ere, aurtengo ediziorako gazteetan jarriko dute fokua «gazteei begira zerbait egin nahi dugu, eta momentu honetan, euskeraren egoera dago momentu ahul batean, askok dakigu eta gutxik hitz egiten dugu. Beraz, horretan zentratuko gara. Gure asmoa da jendeak hizkuntza ohitura aldatzea». Utopiaz ere hitz egin du Ezpondak: «iruditzen zait helburuak batzuetan utopikoak direla, baina horretan zentratu beharrean gaude, hizkuntza ohiturak aldatu behar ditugu, eta horrelako ekintza txikietatik hasten dira aldaketak».

Euskaraldia «kritikatua» izan dela mahai gaineratu du Ezpondak: «txapa jarri, 15 egunez euskeraz hitz egin eta gero ahaztu hori diote askok. Baina esan beharra dut, parte hartzen dutenen artean, batek hizkuntza ohiturak aldatzen baditu Euskaraldiagatik, zerbait lortu dugula». 

Kalitateaz eta kantitateaz ere jardun du Hernaniko Euskaraldiko dinamizatzaileak, kalitatearen garrantzia azpimarratuz: «topagunetik esan zaigu, kantitateari baino, kalitateari emateko garrantzia. Izan ere, izenemate kopuru bat lortzeak ez du bermatzen euskeraz hitz egiten dutenik. Beraz, goazen kalitatea ematera, benetan Euskaraldiko ariketa egingo duten horiek erdigunean jartzera eta indarra ematera». 

Azkenik, Ahobizi eta Belarriprest rolei buruzko argibideak eman ditu Ezpondak: «Euskaraldia amaitzean, orain arte hauxe gertatu da: txapa 15 egunetan eraman dugu, baina behin Euskaraldia amaituta kendu, eta bapatean jendea itzuliko da betiko hizkuntza ohituretara. Azpimarratu nahiko nuke, Euskaraldia kritikatua dela 'rol'engatik. Garrantzitsua iruditzen zait aipatzea, rolak ez direla ondo erabiltzen. Ahobizi txapa hartzen duenak, euskeraz egingo du beti, konpromezu hori du ahobizi denak. Belarriprest rola duenak, berriz, ez du hartzen konpromezu hori, egiten du nahi eta ahal duenean. Rolak ondo ulertuko balira, ariketak askoz hobeto funtzionatuko luke, hori argi daukat». 

Euskaraldiko postua gaur

Gaur goizean, 12:00etatik 14:00etara bitartean, Euskaraldiko postua jarriko du Euskara Ari duk, Kixkal parean. Bertan, izenemateen kudeaketa eta txapa banaketa egingo dute. Horrez gain, Euskaraldiko arropa erosteko aukera ere izango dute bertaratzen direnek. Era berean, gaurtik aurrera, Euskaldiko txapak eskuragai egongo dira Dobera Euskara Elkarteko bulegoan eta kalean ere banatuko dituzte: «Animatu eta eman izena!».

 

Euskaraldiaren garrantzia eta ahalmena

Gainean dugu Euskaraldiaren hirugarren edizioa. Lehenengoak sekulako eragina izan zuen. Hizkuntza-ohiturak aldatzeko ariketa sozialak berrikuntza handia suposatu zuen ordura arte “euskararen alde” antolatutako egitasmoen aldean, Euskal Herri osoko erakundeek eta eragile sozialek elkarlanean antolatu zutelako, berrehun mila partaide bano gehiago izan zituelako eta milaka pertsonek beren gorputzetan sentitu zituztelako euskarara jauzi egitearen edo lehen hitza euskaraz egitearen sentsazioak, euskaraz egiteko konplizitate eta sare berriak sortu zirelako eta euskara agenda komunikatiboaren erdigunean kokatu zuelako. Bigarrengoa, pandemia betean egin behar izan genuen, eta burutu ahal izatea bera sekulako arrakasta izan zen. Gainera, era guztietako entitateetan milaka arigune sortu ziren.

Euskaraldia praktika da, erabilera da. Ez da euskararen aldeko kanpaina. Ez da jarrera baten adierazpena, jokaera praktiko baten inguruko konpromisoa baizik; norbanako mailan nahiz kolektiboan. Ez da euskarak dituen aje guztien sendagai mirakulutsua, baina, erabileran aurrerapausoak emateko tresna eraginkorra da, ikerketek frogatu bezala.

Bere ahalmen nagusien artean dago eragin masiboarena. Euskaraldiaren bidez, milaka eta milaka euskaldun (hartzaile nahiz hiztun) euskara erabiltzeko prest agertu dira publikoki, aurretik erabiltzen ez zuten pertsonekin eta egoeratan. Euskaraldiari esker, horretarako bultzada eta motibazioa sentitu dute, eta urrats hori emateko baldintza egokiak sumatu dituzte inguruan. Horregatik da horren garrantzitsua parte hartzea masiboa izatea, ahalik eta txapa gehien ikustea leku guztietan, eta kaleak berriz hartzea banderolekin, muralekin, etab. Gutxien uste dugun pertsona, giro horretan, euskara erabiltzera animatu daitekeelako, baita Urumea bailaran ere!

Bestalde, era guztietako entitateetan ariguneak sortzea, hizkuntza biziberritze prozesurako oinarriak jartzea da. Batetik, entitate horietan euskararen erabilera erosorako aukerak non dauden identifikatzen dugulako, eta bestetik, aurrera begira, normalizazio-prozesua abiatzeko edo indartzeko urratsa ematen delako.

Garrantzi handiko beste aspektu bat da, Euskal Herri osoan, berau prestatzeko ehunka batzorde sortzea. Euskararen inguruko elkarterik edo bestelako antolakuntzarik ez duten herrietan, ahalik eta gehienak egonkortzea eta iraunaraztea dugu helburu, Euskaraldiaren ondoren ere, erabilera sustatzeko dinamikarekin jarrai dezaten.

Euskaraldia, azken batean, heldulekua da, palanka, abiapuntua. Inertziak puskatzeko heldulekua da, erabileran urrats bat aurrera eman nahi duten pertsona edo entitate guztientzat. Eta aitzakia egokia, euskarari buruz hausnartzeko eta erabakiak hartzeko. Palanka da, ariketa praktikoa delako eta konpromisoak eta erronkak eskatzen dituelako. Ez da manifestu bat sinatzea eta kito. Hausnarketa kolektibo izugarria ere bada Euskaraldia, non pertsonen eta erakundeen kontraesanak ere agerian geratzen diren: jarreraren eta praktikaren arteko kontraesanak, nahiaren eta portaeraren arteko distantziak. Eta abiapuntua izan nahi du, egun horietako lorpenak eta dinamikak iraunaraztea baita ariketa honen helbururik behinena.

Badakigu, izango ditugun lorpenetatik batzuk mantendu egingo direla eta beste batzuk inertziak jango dituela, baina aurreko Euskaraldiek erakutsi diguten bezala, bukatu eta hilabeteetara, egoera ariketa egin aurretik baino hobea da. Ariketa bakoitzean, partaideek helburu berriak lortzen dituzte eta partaide berri asko integratzen dira lehen aldiz. Horregatik, jarraitu beharko dugu Euskaraldiarekin “kolpeak” bi urtez behin ematen, eta tartean, euskararen erabilera sustatuko duten bestelako egitasmoak bultzatzen, Urumea bailaran eta Euskal Herri osoan.

Honengatik guztiarengatik, eman izena Euskaraldian. Hitzez ekiteko garaia da!

 

Kike Amonarriz Gorria

Euskaltzaleen Topaguneko presidentea

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!