Buruntzaldeako Atzegik ostiralean aurkeztu zuen Hernaniko udaletxeko arkupeetan 2022ko sentsibilizazio kanpaina Xabi Lertxundi alkatearekin batera. Adimen desgaitasuna duten pertsonek modu independientean bizitzeko duten eskubidea aldarrikatzea da Atzegiren aurtengo sentsibilizazio kanpainaren helburua.
Nire erara bizitzeko erronka lelopean, Atzegik, gizartearen zati haundi batentzat oraindik ezezaguna den alderdi bat ikusarazi nahi du; adimen desgaitasuna duten pertsonek modu independientean bizitzeko duten gaitasuna eta eskubidea.
Horren adibidea da Xabier Arizkorreta gazte hernaniarra. Agerraldian aipatu zuenez, «etorkizunean nire burua lagunekin bizitzen ikusten dut», eta bide horretan Atzegik lagunduko dio eskainiko dituen ikastaroetan.
«Buruntzaldean 160 familia daude Atzegin eta oinarriko pertsona kopurua 806 da»
Iñigo Arizkorretak eman zituen Buruntzaldeako datuak. «160 familia daude Atzegin, 101 kolaboratzaile, 545 Atzegizale eta oinarriko pertsona kopurua 846koa da» Datu orokorrei erreparatuz: 2.087 familia daude, 2.173 adimen desgaitasunekin, 2.463 kolaboratzaile eta 10.651 Atzegizale.
Atzegitik diotenez, «egia da, adimen desgaitasuna duten pertsona guztiek ez dutela modu independentean bizitzeko adina autonomia, baina horietako askok bai, eta gainontzekoen antzeko bizi-proiektua izan dezakete, betiere beharrezko laguntza jasotzen badute».
Hori azpimarratzeaz gain, Atzegik profilen eta bizi aukeren aniztasuna islatu nahi izan du, eta horregatik, aurte, ohiko bi kartelen ordez, bizitzeko lau modu desberdin islatzea erabaki du lau kartel edo bideoren bidez; bideoak hurrengo asteetan zehar emitituko dira Atzegiko sare sozialen bidez.
Egun, bideoetako protagonista guztiek Atzegiren laguntza jasotzen dute, neurri haundiagoan edo txikiagoan, haien beharren arabera. Batzuek babes emozional haundiagoa behar dute, beste batzuek nolabaiteko gainbegiratzea; erosketekin antolatzeko, sukaldean edo etxeko ekonomian. Horrela, Atzegitik «jarraipen indibidualizatua egiten dugu eta pertsona bakoitzaren beharretara egokitzen gara».
Adimen desgaitasuna duten pertsonek modu independientean bizitzeko eskubidea eta gaitasuna dute, eta gizarteari erakutsi nahi zaio posible dela, betiere, beharrezko babesa badute.
Elkartetik diotenez, pertsona asko oraindik harritu egiten dira adimen desgaitasuna duten pertsona batzuk bikotean, lagunekin edo bakarrik bizi direla jakiten dutenean. Garrantzitsua da auzotarrek, auzoko jendeak eta, oro har, gizarteak ulertzea haiek ere nola bizi nahi duten erabakitzeko eskubidea dutela. Ildo horretan, Atzegik inguruko laguntza naturalen garrantzia azpimarratu nahi du. Gainera erronka hitzaren aldeko apustua egin dute. Talde honentzat, gainerako biztanleentzat bezala, independizatzea erronka haundia da eta zailtasun haundiak dituzte pisua bilatzerako orduan, pisukideekin, antolatzeko orduan eta, baina Atzegitik bidea erraztu nahi diete, geroz eta pertsona gehiagok euren ametsa egi bihur dezaten.
Atzegiko familiak arduratuko dira, urtero bezala, Gipuzkoa osoan 5.000 kartel jartzeaz. Gainera, sare sozialetarako ikus-entzunezko lau pieza ere prestatu dira.