Nolakoa da zure lana?
Ikusten ez diren gauza asko daude hemen. Bakarrik nago dendan, eta, batzuetan, igandetan ere etorri behar izaten dut. Orain, esaterako, irailetik hona, arropa piloa jasotzen ari naiz, ia egunero, eta hori guztia antolatu beharra dago. Arropa guztia atera, erreferentziak ordenagailuan sartu, tokia egin paletean jartzeko, soberan dagoena almazenean jarri... Bolumen asko dagoen datetan izaten da hori, kanpaina hasten denean. Une honetan, udazken-neguko kanpaina da, eta horretan gabiltza.
Hortik aurrera, badaude hilabete lasaiagoak noski. Baina, esan bezala, beti dago zerbait egiteko: txukundu, neurriak atera, garbitu, salmentak, marketinga, eta abar. Horrez gain, hiru hilabetean behin, paperak antolatu eta Ogasunera bidali behar izaten ditut. Gestoriak eramaten duen arren, nahasmena izaten da hori guztia antolatzea, ez zait batere gustatzen...
Nola antolatzen dituzu eskaerak?
Urte batetik bestera egiten ditut, gutxi gorabehera. Orain, adibidez, Malagara noa dendan dudan marka batek 25 urte betetzen dituelako. Festa antolatu dute, baina lanera noa, bertan jarriko dituztelako beraien produktuen erakusgaiak, eta dendarako erosi beharko ditut. Horrela, datorren udarako guztia erosita dut dagoeneko, eta orain hasi naiz datorren negukoa erosten. Zortzi-hamar hilabeteko aurrerapenarekin egin behar dira eskaerak, markek produzitu egin behar dutelako guk eskatzen dieguna. Hori bai, gutxieneko eskaerak bete behar izaten dira eta, batzuetan, gertatzen da dendek eskatzen duguna ez dela minimora iristen. Horregatik, hasieran eskatu dugun produktuak edo erreferentziak beste antzeko batengatik aldatu behar izaten dira. Ezkutuko edo barruko lana izaten da hori, etxean edo dendan egin behar izaten dena, ordenagailuarekin.
Hernaniarrak al dira zure bezero gehienak?
Bai, eta oso-oso eskertuta nago beraiekin. Oso fidelak dira denak. Urnietatik, Oiartzundik eta Astigarragatik ere etortzen dira, eta berriren bat etortzen da, noski, baina betikoek ez dute hutsik egiten. Alde horretatik, oso pozik eta gustura nago. Denda ireki nuenetik 18 urte beteko dira martxoan, eta orain arte ez dut inolako arazorik izan.
Zein da zure lanaren alderdi onena?
Zalantzarik gabe, sortzen diren harremanak. Nik baditut lagun batzuk, bezero direlako. Lehen ez nituen ezagutzen eta, orain, nire lagun onak dira. Hori oso polita da.
Eta txarrena?
Egia esateko, oso gustura etortzen naiz lanera. Ni bakarrik nago hemen, eta niretzako egiten dut lan. Baina noski, lan guztiek daukate zerbait txarra. Nire kasuan, ordutegia aipatuko nuke. Ordu asko sartu behar dira, eta oso lotua da. Oporrak ezin ditut nahi dudanean hartu, eta tetrisak egiten aritu behar izaten dut.