Haurren lasterketa, sagardo dastaketa eta arimen kalejira, besteak beste, Txantxillako jaietan

Kronika - Erredakzioa 2022ko urr. 22a, 00:00

Arima bihurriaren etorrera ospatu zuten gaztetxoek.

Bi urteko etenaldi luze batean ostean, atzo eman zieten hasiera Txantxilla auzoko jaiei eta gaur jarraipena izango dute, adin guztietarako prestatutako egitarauarekin. Goizetik hasi, eta gauera arte, festa giroan murgilduko dira Txantxillako auzotarrak. 

Bi urteko etenaldi luze batean ostean, atzo eman zitzaien hasiera Txantxilla auzoko jaiei, eta hain zuzen ere, festa hauek izango dira, auzoetako jaien amaiera iragarriko dituztenak. 

Atzo, Txantxillako eta herriko txikiek jolasean aritzeko tartea izan zuten Txantxillan jarritako puzgarriekin. Hala ere, arratsaldeko 19:00etan eman zitzaien hasiera festei, botatako txupinarekin. Atzoko hasiera «berezia» izan zela ziurtatu digute Txantxillako jaietako antolatzaileek: «orain arte, Txantxiku erabili dugu txupinazorako. Balkoi batetik jaisten genuen auzoko panpina. Baina aurten hau aldatu egin dugu, joan den urteetan ez baita nahi bezala atera. Aurten, beraz, hasiera ezberdina izan da, haurrei protagonismoa emanez, eta horretarako arima bihurrien etorrera egin genuen atzo. Maialen Lujanbiok eta Unai Agirrek girotuta». Segidan, egarriak asetu zituzten, txosnan eta tabernetan eskainitako pintxo potearekin, eta eguna ixteko, Züttik elektrotxarangak hartu zuen batuta, eta jai giroan eman zioten ongi etorria gauari.

Gaurkoan jarraipena izango dute Txantxilla auzoko jaiek, eta auzoko festetako antolatzaileak «gogoz» daudela iragarri dute: «azken bi urteetan ez ditugu festak bere osotasunean antolatu pandemiak eragindako egoera zela eta, baina aurten bete betean ospatuko ditugu. Eta egia da urduritasun puntu batekin ere bagaudela, dena ondo ateratzea nahi baitugu». 

Hasteko, haurrek korrika egiteko tartea izango dute, beraientzat antolatutako lasterketan «helduen krosa bertan behera utzi dugu. Lan asko suposatzen zuen, eta antolakuntzan ezin genion aurre egiten krosari, ez baitzegoen nahiko jende. Beraz, erabaki genuen denon artean, helduen krosa bertan behera uztea, eta haurrena antolatzea, errazagoa zelako, eta auzoko txikiek ederki pasatzen dutelako».  Jarraian, goizeko 11:00ak aldera, haurrentzako jolasak antolatu dira eta ez da goizeko jolas bakarra izango. Izan ere, ordu berdinean auzo ginkana antolatu dute helduentzat zein txikientzat zuzenduta.

Eguerdian, sagardoa dastatzeko aukerarekin batera, pintxo goxoak jateko parada ere izango dute auzotarrek. Eta eguerdiko 14:30etan, bazkari eder baten bueltan bilduko dira auzotarrak, auzoko festak elkarrekin ospatzeko. 

Arratsaldean, Apaxi ipuin kontalariaren bisita izango dute auzoko txikiek, eta ez dute aspertzeko denborarik izango. Jarraian, txokolatada eskainiko da, urtero moduan, eta arratsaldeko 19:00etan, arimen kalejirak hartuko du protagonismoa, Hernaniko dultzaina taldekoekin. 

Afal-aurretik, pintxo pote baten bueltan bilduko dira auzotarrak, DJ Monkeyk girotuta, eta ondoren, festen amaierako trakarekin, auzoetako festen amaiera iragarriko dute, Txantxillako auzotarrek.

Arimen kalejira egingo dute, gaur arratsaldean. 

 

EGITARAUA

TXANTXILLAKO JAIAK

GAUR

10:30 Haurren lasterketa

11:00 Haur jolasak

11:00 Auzo-ginkana

12:00 Sagardo dastaketa eta pintxoak 

14:30 Auzotarron bazkaria 

17:00 Apaxi ipuin kontalaria

18:00 Txokolatada

19:00 Arimen kalerija Hernaniko dultzaina taldekoekin 

20:00 Pintxo potea eta DJ Monkey 

Ondoren festen amaierako traka

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!