«Proiektu batzuk, bakarrik gauzatuko dira EAJ agintean egonda Hernanin»

Kronika - Erredakzioa 2022ko urr. 20a, 00:00

Alderdi jeltzaleak adierazi du «guztiek» dakitela hori, «2003 eta 2007 urteen artean Obra eta Zerbitzu Publikoen eta Zerbitzu Sozialen saila zuzentzen egin genuen lanagatik».

Datorren urteko Udal Hauteskundeei begira, bere hautagaitzaren aldeko apustua aldarrikatu nahi izan du Hernaniko EAJ-PNV alderdiak, egunotan: «Guztiek dakite Hernanin badirela proiektu batzuk, bakarrik gauzatuko direnak EAJ agintean baldin badago», nabarmendu du.

Zentzu horretan, alderdi jeltzaleak adierazi du «seguru» dagoela horretaz, «ikusita 2003 eta 2007 urteen artean Obra eta Zerbitzu Publikoen eta Gizarte Zerbitzuen saila zuzentzen egin genuen lana».

Horien artean nabarmendu du Andoni Amonarraiz bozeramaileak, esaterako, 2005ean «Ezkiaga pasealekua eta Gudarien Plaza birgaitzeko proiektua idatzi» zuela EAJk zuzendutako sailak: «2006ko apirilean, Ezker Abertzaleak alegazioak aurkeztu zizkion proiektuari. 17 urte igaro dira proiektua idatzi zenetik, eta EH Bilduren gobernua ez da gure herriko Plazaz gogoratu urte hauetan guztietan».

 

«Urte asko daramatzagu EH Bilduri eskatzen, gutxienez Plaza birgaitu dezala»

Horren harira, Amonarraizek adierazi du alderdi jeltzaleak «urte asko» daramatzala «EH Bilduri eskatzen gutxienez Gudarien Plaza birgaitu dezala, baina beti ezetz esan digute. Azkeneko aldia aurten izan da, 2021ean soberan geratu zen diruaren zati bat zertan gastatuko zen adostu nahian ari ginela».

Obra horren beharra azpimarratu nahi izan du Hernaniko EAJ-PNVren bozeramaileak, beste behin: «Gudarien Plazaren lurzorua aldatu egin behar da, espazioa erabilgarriagoa izan dadin, eta herri baten plaza nagusiak izan behar duenarekin bat etor dadin. Eta, horrez, gain, gogorarazi nahi dut lurraren azpitik dijoazen kanalizazioak direla Kaxkoko obra egin zenean aldatu ez ziren bakarrak. Uste dugu, orain dela urte batzuk egokitu behar zela Plaza».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!