'Ur bizitan', ekonomia jasangarriaren aldeko alegoria dantzatua Biterin

Kronika - Erredakzioa 2022ko urr. 19a, 00:00

'Ur bizitan' dantza ikuskizuneko eszenetako bat.

Bihar eskainiko du emanaldia Haatik dantza konpainiak, 19:30etan hasita. Sarrerak salgai daude.

Gizakiaren eta naturaren arteko harremana, jasangarritasuna, kontsumo beharrak... Pil-pilean dauden zenbait gai potolo, dantza bidez jorratu ditu Haatik dantza konpainiak, Ur bizitan ikuskizunean; eta bihar eskainiko du Hernanin, iluntzeko 19:30etan hasita, Biteri kultur etxean.

«Ekonomia jasangarriaren aldeko alegoria» gisa definitu du emanaldia, dantza konpainiak berak: «edo agian, modu jasangarri batean bizitzeko aukeraz diharduen gogoeta bat. Ez da ekintza huts eta anekdotikoetan oinarritzen den lana, jaki, jantzi eta kontsumo beharrei begira soilik; bizitzaren beraren oinarri eta garapenean baizik. Gizakiaren eta natur baliabideen arteko elkar ulertze zintzo baten beharrean kokatzen den alegoria bat da. Eta zoritxarrez ohituta gauden arren, natura gizakiaren beharretara moldatzeko joeraren ondorioak utzi nahi ditugu agerian».

Donostiako baserritar familia baten kontakizunak bultzatu zuen konpainia, ikuskizun honen sorkuntza prozesua hastera: «haien aitortzek hunkitu, alaitu, liluratu eta haserretu gintuzten. Baina, batez ere, zer pentsatua sorrarazi, eta garai haietako gertaeren inguruko jakinmina piztu ziguten», kontatu dute.

Aiert Beobidek sortu eta zuzendutako dantza konpainiak hamarkada bete du, Errimak oinetan bere aurreneko lana aurkeztu zuenetik. Eta oraingoan, ordubete inguruko ikuskizuna prestatu du, Beobideren eta Iurre Aranbururen ideiatik abiatuta, eta Koldo Izagirrek osatutako gidoiari jarraituz, Pascal Gaigneren musikarekin. Zazpi dantzariko taldea ari da emanaldietan parte hartzen: Irati Sorondo, Jon Arsuaga, Amaiur Luluaga, Libe Sukia, Iñigo Etxeberria, Nagore Zabala eta Leire Romero. Horietatik, bost aritu ohi dira saio bakoitzean. Astigarragako Erribera kulturgunean ere eskaini zuten, joan den martxoan.

 

Sarrerak salgai, interneten eta Biterin bertan

Emanaldia ikusteko sarrerak, urriaren 1etik daude salgai. Internet bidez eskuratu daitezke, kultura.hernani.eus webgunean; eta baita Biterin bertan ere, leihatilan. 8 euro dira.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!