Arima Bihurriarekin esango diete agur, auzoetako aurtengo festei

Kronika - Erredakzioa 2022ko urr. 19a, 00:00

Larunbat arratsaldean egingo dute Arimen kalejira, auzoan barrena.

Ostiral arratsaldean hasiko dituzte Txantxillako Jaiak, eta larunbatekoa izango dute egun nagusia.

Auzoz auzo eta festarik festa ibili dira hernaniarrak, abuztu bukaeratik orain arte. Eta alaitasun ziklo horri, Txantxillako Jaiek jarriko diote errematea, asteburu honetan. Ostiralean eta larunbatean ospatuko dituzte, eta Arima Bihurriaren eskutik, agur esango diete aurtengo auzoetako festei.

Ostiral arratsaldean botako dute txupinazoa, 19:00etan; eta Arima Bihurriaren etorrera izango da orduan, Maialen Lujanbio eta Unai Agirre bertsolariek girotuta. Pintxopotea ere izango da, jai batzordearen txosnan eta tabernetan, eta Zuttik elektrotxaranga aterako da kalera, giroa pizteko asmoz. Aurretik, puzgarrietan gozatzeko aukera izango dute haurrek. 

Haurren lasterketa, ginkana, sagardo dastaketa edota auzo bazkaria, larunbatean

Festak larunbatean izango du segida, eta horixe izango da egun nagusia. Haurren lasterketarekin, jolasekin eta auzo-ginkanarekin hasiko dute eguna, eta sagardo dastaketak borobilduko du goiza, auzotarren bazkariaren aurretik.

Arratsaldean, berriz, Apaxi ipuin kontalaria arduratuko da entretenimenduaz, eta ondoren izango da festetako momentu berezienetako bat: Arimen kalejira egingo dute, Hernaniko dultzaineroen erritmora.

Jaiak borobiltzeko, pintxopotea egingo dute, DJ Monkey disko jartzaileak jarriko du musika, eta trakarekin emango diete bukaera aurtengo festei.


TXANTXILLAKO JAIAK 2022

URRIAK 21, ostirala

17:00-18:30, Puzgarriak, Txantxillako plazan.

19:00, Jaien hasiera: txupinazoa eta Arima Bihurriaren etorrera, Maialen Lujanbiok eta Unai Agirrek girotuta. Pintxopotea txosnan eta tabernetan.

Segidan, Zuttik elektrotxaranga.

URRIAK 22, larunbata

10:30, Haurren lasterketa.

11:00, Haur jolasak.

11:00, Auzo-ginkana.

12:00, Sagardo dastaketa eta pintxoak.

14:30, Auzotarren bazkaria.

17:00, Apaxi ipuin kontalaria.

18:00, Txokolatada.

19:00, Arimen kalejira, Hernaniko dultzaineroekin.

20:00, Pintxopotea eta DJ Monkey.

Ondoren, Festen amaierako traka.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!