Euskadi Literatur Saria jasoko du Uxue Apaolaza hernaniarrak

Kronika - Erredakzioa 2022ko urr. 18a, 00:00

Uxue Apaolaza Larrea, 'Bihurguneko nasa' liburuarekin.

Euskarazko Literatura kategorian saritu dute 'Bihurguneko nasa' ipuin bilduma.

Euskal literaturaren aurreneko lerrora egin du salto, berriro ere, Uxue Apaolaza Larrea idazle hernaniarrak: Euskadi Literatur Saria jasoko du, Bihurguneko nasa ipuin bildumarekin, Euskarazko Literatura kategorian.

Hala eman zuen aditzera Bingen Zupiria hernaniarrak, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, joan den ostegunean. Beste bi sariak jasoko dituzte Leire Bilbao Barruetabeña ondarrutarrak, Euskarazko Haur eta Gazte Literatura kategorian, Barruko hotsak liburuarekin; eta Maite Mutuberria Larrayoz ultzamarrak, Literatur Lanaren Ilustrazioa kategorian, Irrimola lanarekin. Azaroaren 24an jasoko dituzte sariak, Donostian, Tabakaleran egingo duten ekitaldian. Guztira zazpi sari banatuko dituzte bertan, eta aste honetan iragarriko dituzte beste lauak: Literatura Gaztelaniaz, Euskarazko Literatura Itzulpena, Saiakera Euskaraz eta Saiakera Gaztelaniaz. Saridun bakoitzak 18.000 euro jasoko ditu, eta beste 4.000 ere eskuratu ditzake, bere lana beste hizkuntza batean argitaratzen bada.

 

«Identitatearen eta alteritatearen inguruko hausnarketa aberatsa eskaintzen du»

Euskarazko Literatura kategoriako epaimahaia osatu dute Lourdes Otaegik, Ane Labakak, Jon Martinek, Yurre Ugartek eta Josu Jimenezek, eta nabarmendu dute, Uxue Apaolazaren Bihurguneko nasa liburuak eskaintzen duela «identitatearen eta alteritatearen inguruko hausnarketa aberatsa». Gainera, goraipatu dute «atseginez irakurtzen den prosa gihartsuan» dagoela idatzita, eta «nolabaiteko gardentasuna» ematen diola «elaborazio literario zehatzak, soberako azalpen eta luzamendu oroz soildurik. Edukiari ederki egokitzen zaion hizkera da. Hiri haundiko herrestaren dinamika bizian, irakurleak protagonistaren begirada ernea sumatuko du, detaileen tolesduretan sakontzen».

2021eko abenduan kaleratu zuen Bihurguneko nasa Uxue Apaolazak, eta Durangoko Azokan aurkeztu zuen.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!