Oroimen ekitaldia egingo dute larunbat honetan, Hernaniko hilerrian fusilatu zituztenak gogoratzeko

Kronika - Erredakzioa 2022ko urr. 18a, 00:00

Txuso Gomez eta Xabier Lertxundi solasean, Hernaniko hilerriko 'Argi-Horma' eskultura atzean dutela.

Hilerriko 'Argi-Horma' eskulturaren aurrean izango da ekitaldia, eguerdiko 12:00etan hasita, fusilatu zituztenen senideekin. Atzo eman zuten horren berri Xabier Lertxundi alkateak eta Txuso Gomez udal artxiboko arduradunak.

Oroimen historikoaren bidean, urrats bat gehiago emango du Hernanik larunbat honetan: ekitaldia egingo dute hilerriko Argi-Horma eskulturaren aurrean, 1936ko gerraren testuinguruan «hilerrian fusilatu eta dokumentatu gabe lurperatu zituztenak omentzeko, haien oroimena eta duintasuna berreskuratu behar delako». Hala adierazi zuten atzo, ekitaldiaren aurkezpenean, Xabier Lertxundi alkateak eta Txuso Gomez udal artxiboko arduradunak. Nabarmendu zutenez, ia 200 pertsona fusilatu zituzten Hernanin, garai horretan.

Eguerdiko 12:00etan izango da ekitaldia, eta bertan egongo dira biktimen eta fusilatutakoen senideak, instituzioetako ordezkariak eta oroimena lantzen duten elkarte eta taldeetako kideak. Irati Sarasua eta Urko Apaolaza ariko dira aurkezle lanetan, eta Roberto Pacheco eta Judith Montero saxo-jotzaile hernaniarrek jarriko diote musika ekitaldiari. Alkateak ez ezik, fusilatu baten senideetako batek ere hartuko du hitza, eta lore eskaintza egingo dute. Bukatzeko, agurra eskainiko dute Hernaniko txistulariek eta Ttarlako dantzariek. Herritar guztiei irekia izango da ekitaldia, «garrantzitsua delako gertatu zena gizartean ezagutaraztea».

2016an egin zuten oroimen ekitaldia azkenekoz, lau urtetik behin egiteko asmoz; baina pandemiagatik, 2020an egitekoa zena aurten egingo dute.

 

«Ekitaldi ugari egin dira Hernanin, eta hau ez da azkenekoa izango, justizia eta erreparazioa gauzatu gabe dagoelako»

Txuso Gomezek gogora ekarri zuen frankisten fusilatze gune izan zirela hilerriko paretak. «Diktadurak iraun zuen 40 urteetan, eta gerora ere, isiltasunak eta inpunitateak krimen haiek estali zituzten, eta baita hernaniarrek jasandako bestelako zigor eta errepresioak ere. Haien guztien oroitzapena eta duintasuna berreskuratzeko, egia osoa ezagutzen ez dugulako, eta justizia eta erreparazioa egin ez zaielako, antolatu dugu ekitaldi hau. Ez da Hernanin egingo den lehena izango, eta ezta azkena ere. Modu klandestinoan eta anonimoki, fusilatuen senideek egin zituzten horrelakoak, diktadurak iraun zuen bitartean», adierazi zuen udal artxiboko arduradunak.

Gogoan izan zituen, era berean, beste hainbat ekitaldi ere: 1977an kripta eraiki zenekoa; 1986an EAJk eta EAk antolatutakoak, kriptan gurutze baten azpian Elbira Zipitriaren esaldia (Arerio maltzurrak zuek bazterrean utzi arren, eusko gogoan toki berezia daukazue) jarrita; 2000ko hamarkadan oroimena ikertu eta lantzeko Hernaniko Udalak hasitako lanak, Zaldibian egindako deshobiratzeen harira; Udalak berak 2000ko azaroko Plenoan Francisco Francori Hernaniko Ohorezko Alkate izendapena (1949ko abuztuan eman zitzaiona) kentzea erabaki izana, aho batez; edota 2006 eta 2007an Carlos López de Ceballosen Argi-Horma eskultura inauguratu izana, hilerrian fusilatutako pertsonen izen-abizenekin (identifikatu ahal izan zirenak, 138 guztira).

Horrela, Gomezek aurrera­tu zuen, datozen hilabeteetan izango direla ekin­tza gehiago, azken 20 urteetako hitzaldi, erakusketa eta ekitaldiei segida emateko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!