«Hemen gelditzeko etorri gara, Hernani erreferente izateko inklusioan eta irisgarritasunean»

Kronika - Erredakzioa 2022ko urr. 18a, 00:00

Errugbi partiduak eta beste hainbat ekintza izan ziren atletismo pistako zelaian.

Errebeldeak Fest espainiar estatuko lehen kirol eta rock jaialdi inklusiboa izan zen larunbatean, Hernanin. Giro bikaina izan zen herrian, eta zehaztutako helburuak bete zirela ziurtatu dute.

Errebeldeak Fest jaialdiak herriko makina bat txoko hartu zituen joan den larunbatean. Espainiar Estatuko lehenengo kirol eta rock inklusiboko topaketa izan zen, eta arrakasta izan zuen antolatutako egitarauak. Hain justu, antolatzaileek aurreratu zutenez, helburu nagusia zen «herritarrak eta, bereziki, aniztasun funtzionala duten pertsonak kirol-jarduera egokituez eta inklusiboez betetako jardunaldi dibertigarrian parte hartzea». Eta borobil bete zen esandakoa, herritar mordoa animatu baitzen jaialdian parte hartzera. 

«Hernanin beti dago eskaintza zabala aisialdirako, eta jakin bagenekien zaila izango zela txoko guztiak betetzea. Hala ere, jendea hurbildu zen gugana, eta oso pozik gaude lortutakoarekin», aipatu du antolakuntza taldeko Ibón Casasek. «Gelditzeko etorri gara. Udalarekin hitz egingo dugu datorren urtean bigarren edizioa egiteko. Izan ere, nahi duguna da Hernani erreferente izatea irisgarritasunean eta inklusioan, aniztasun funtzionala normalizatzea, aniztasun funtzionala duten eta ez duten herritarrek parte hartzeko jaialdia sortzea, eta guztiek ondo pasatzea», zehaztu du Casasek.

Erlazionatuak

Errebeldeak Fest

Kronika - Erredakzioa 2022 urr 16 Hernani

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!