Garaipena lortu zuten Euskal Ligako neskek, etxetik kanpo

Kronika - Erredakzioa 2022ko urr. 18a, 00:00

Porrota jaso zuten mutilek, Logroñon.

Euskal Ligako mutilek, berriz, porrota jaso zuten (0-3), Errioxako Universidad taldearen aurka.

Euskal ligako bi senior taldeek, etxetik kanpo jokatu zuten asteburuan; neskek Gallartan, eta mutilek, berriz, Logroñon. 

Neskek asteburuan eman zioten hasiera denboraldi berriari, eta partidu luze eta gogorra izan zuten. Lehenengo minutuetatik Hernaniko neskek aurrea hartu bazuten ere, lehenengo jokoa irabazteko sufritu egin zuten, 22-25 itxi zuten aurreneko jokoa. Hernaniko Kirol Elkarteak nabarmendu du, lehen jokoa partidu guztiaren erakusle izan zela: «hernaniarrak 8 saketan egin zuten akatsa, beraz, 8 puntu oparitu zitzaizkien aurkariei». Hurrengo jokoetan, Gallartako neskak indarrez itzuli ziren kantxara, eta hernaniarrek 0-1 irabaztetik, galtzera pasa ziren: 2-1. Laugarren jokoan, Hernaniko neskak indarberrituta jokatu zuten eta 20-25 irabazi zuten. Azkenik, Euskal Ligako nesken partidua bosgarren jokora heldu zen (8-15), eta hernaniarrak gailendu ziren, bost jokaldietatik 3 irabazita. 

Denboraldiko aurreneko partidua izan zen asteburukoa, eta erasoan ondo ibili baziren ere, defentsa lanean entrenatzen jarraituko dute senior mailako neskek. 

 

Mutilek, porrota

Mutilek bere aldetik, ezin izan zuten garaipena lortu Logroñon. Errioxako Universidad taldea oso talde gogorra da, eta oraingoan ere hala izan dela ziurtatu du Hernaniko Kirol Elkarteak. Hala ere, Eligio Rodriguezek zuzentzen duen taldeak ondo egin zion aurre partiduari, lehenengo bi jokoetan. Etxeko taldeak, azken puntuetan lortu zuen abantaila. Aurtengo Euskal Ligako mutilen taldea, gazteez osatutako taldea da, eta oraindik esperientzia askorik ez dutenez, lan haundia dago egiteko. 3-0ko porrota jaso zuen Hernanik, baina jokoak nahiko parekatuak izan zirela ikusi daiteke joko bakoitzeko markagailuari erreparatuz: 25-20, 25-21 eta 25-16.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!