Uda ezin korapilatsuago baten ostean, eta mundu mailako langile klasearen aurkako inoizko ofentsiba handienetako baten erdian hasi dugu urte politiko berri hau. Energiaren garestitzea, inflazioa, etxebizitza duin baterako sarbide zailtasunak... Hedabideetako titularrak baina zerbait gehiago dira. Langileon bizitzan zuzenki eragiten duten eta etengabe erreproduzitzen diren erasoak dira, modu batean edo bestean miseria eta indefentsio egoera batera kondenatzen gaituztenak.
Horregatik, eta aurreko urte politikoan emandako pausoei jarraiki, Buruntzaldeako Kontseilu Sozialistatik lan arloan eta etxebizitza arloan aholkularitza juridikoa ematen jarraituko dugu behar duen orori. Urrunera joan gabe, pasa den urtean etxebizitza bateko maizterrari alokatzaileak itzuli nahi ez zion fiantza itzultzea lortu genuen, edota arlo laboralean hainbat langileri haien lan baldintzak defendatzeko behar zituzten gomendio eta aholkuekin lagundu genien.
Hainbat dira bi gai hauetan jasan behar izaten ditugun gehiegikeriak, eta konponbidea politikari profesional eta burokrata burgesen ogi apurretatik baino langileon autodefentsa antolatzetik etorriko dela sinesten dugulako bermatuko dugu laguntza sare hau ahalik eta langile gehienei iristea. Beraz, lan arloan edo etxebizitzaren inguruan arazoren bat baduzu idatzi langileautodefentsaburuntza@gmail.com edo etxebizitza.aholkularitza@gmail.com helbideetara, edo kontaktatu gurekin 631 830 317 telefonoan. Langile autodefentsa antolatu!
Xabi Gurutzeaga Peleato
Buruntzaldeako Kontseilu Sozialista