%33,3koa da Hernaniko euskeraren kale erabilera. Zein da eragileen eta elkarteen iritzia?

Kronika - Erredakzioa 2022ko urr. 15a, 00:00
Belen Uranga, Soziolinguistika Klusterreko teknikaria, Hernaniko aurkezpenean.

Dobera Euskara Elkarteak, AEK euskaltegiak, Udal euskaltegiak eta Burrunba Hernaniko gazte euskaltzaleen taldeak, haien iritziak eta hausnarketak elkarbanatu dituzte, Kronikarekin.

Duela gutxi atera dira argitara, Soziolinguistika Klusterrak burututako  'Hizkuntzen Erabileraren kale neurketa Hernanin' ikerketaren emaitzak eta zeresana eman dute emaitza hauek herrian zehar. Izan ere, Hizkuntzen erabileraren kale neurketak erakutsi du, ikerketa garaian, herriko kaleetan 3 lagunetik 1 ari zela euskerazko elkarrizketetan (%33,3); ia bi heren gaztelaniaz (%64,2), eta %2,4 beste hizkuntzetan. 

Aurreneko datuari eutsita, Hernaniko elkarteekin eta taldeekin jardun du Kronikak, haien iritziak zeintzuk diren jakite aldera. Ondorengoak izan dira parte hartu dutenak: Dobera Euskara Elkartea, Hernaniko AEK euskaltegia, Udal Euskaltegia eta Burrunba Hernaniko gazte euskaltzaleen taldea. Eta ondorengo galderei erantzun diete: Zer iruditzen zaizue Hernaniko euskararen kale erabileraren emaitza? Espero al zenuten ehuneko hori (%33,3)? Zuei dagokizuenez, zer egin daiteke ehunekoa handitzeko? Nondik has gaitezke? Etorkizunean, nolakoa irudikatzen duzue euskararen erabilera herrian?

 

DOBERA EUSKARA ELKARTEA

«Hizkuntzaren hautua pertsonala da, baina testuinguruak asko baldintzatzen du»

Dobera Euskara Elkarteak argi du: «emaitza kaxkarra da». Eta jarraian euskeraren erabilerari eman dio garrantzia: «euskerarekiko jakintza geroz eta altuagoa da, baina geroz eta gutxiagok hitz egiten dugu». 

Horrez gain, Doberak, 2016ko emaitzekin alderatu ditu aurtengo datuak, eta ondorengoa nabarmendu du, «gertu ibiliko ginela uste genuen, eta 4 puntu gora egin ditugun arren, ez dugu uste egoera asko hobetu denik. Hala ere, Tolosaldeako emaitzak esaterako, indarra ematen digu lanean jarraitzeko». 

«Herritarrak egoerarekin kontzientziatzea» garrantzitsua dela azpimarratu du Hernaniko euskera elkarteak, ondorengoak gehituz: «Batzuk ez gara kontziente gaztelaniaz ari garela, eta belarriak zabaltzea komeni zaigu. Hizkuntzaren hautua pertsonala da, baina testuinguruak asko baldintzatzen du. Gainera, euskeraz funtzionatzen duten espazioak sustatu behar ditugu». 

Doberak euskeraren etorkizuna bidegurutze batean egongo dela uste du: «ezagutza mailak goia jotzen duenean, guk erabakiko baitugu egiazko normalizaziora edo betirako biziraupen sinbolikorako bidea hartuko ote dugun. Erabileraren egoera hobetzea espero dugu eta horretarako lan egingo dugu, noski».

 

HERNANIKO UDAL EUSKALTEGIA

«Euskeraz egiten ez dutenengana iritsi behar dugu»

Hernaniko Udal Euskaltegiaren ustetan, erabilera datuen emaitza «poztekoa» da, baina hala ere, emaitzetan 'argi-ilunak' daudela azpimarratu du: «Auzo batetik bestera, erabilera aldatu egin da, eta badago erabileran atzera egin duen auzoa: Ereñotzu. Arnasgunea da eta zaindu beharrekoa». Udal Euskaltegiak proposatu du, aztertu egin beharko litzatekeela zergatik egin duen atzera erabilerak. 

Aldaketa haundirik ez zutela espero dio Udal euskaltegiak, eta ehunekoa haunditzeko lehen urratsa zein den bota du: «komunikatzeko gaitasuna eskuratzea. Hori da, hain zuzen euskaltegiaren egitekoa: herritarrek euskeraz komunikatzeko adinako gaitasuna eskuratzeko bitartekoak jartzea».

Euskeraren erabileran eragiten aspaldi hasia da Udal euskaltegia, «Hernani euskalduntzen saiatzen gara. 30 urte daramazkigu erabilera haunditzeko esku-hartzeak egiten».

Azkenik, Udal Euskaltegiak «zaila» ikusten du etorkizuna irudikatzea: «herritar euskaldunengana iristea ez da nahikoa. Badugu herritar multzo erdaldun bat euskararekiko interes berezirik erakusten ez duena, eta horiengana iritsi behar gara. Euskeraz egiten ez duten horiengana heltzeko bide berriak urratu beharrean gaude».

 

BURRUNBA

«Uste duguna baino gutxiago erabiltzen dugu euskera»

Emaitzak berri onak zein txarrak ekarri  dituela nabarmendu du Burrunba Hernaniko gazte euskaltzaleen taldeak: «erabilera igo egin bada ere, ez da guk nahiko genukeen zenbakia. Uste dugu kale erabileraren emaitzak aurpegiratzen digula euskera aspaldian ahaztuta utzi dugun balio bat dela»

Datuak atera aurretik, Burrunbak zenbaki «antzekoak» espero zituen: «egia da 3 puntuko koxka igo dela erabileran, eta hori berri ona da. Baina oraindik lana daukagu aurretik». Aipatzekoa da, Burrunbak sare sozialetan, 2021eko emaitza zabaldu duela: «erantzun duten gehiengo zabalak ez zuen espero zifra hau. Horren aurrean 'kezka' eta 'lotsa' izan dira azpimarratzeko sentimenduak». 

Emaitzekin «kezkatuta» agertu da Burrunba: «jakin badakigu hernaniarron %61 euskalduna dela baina ia erdiak besterik ez duela euskera kalean erabiltzen. Egoerarekin kezkatuta gaude, eta horregatik sortu genuen talde hau, kontzientzia pizteko, uste duguna baino gutxiago ari baikara euskeraz».

Azkenik, etorkizun hurbil batean, euskera hizkuntza nagusia izatea nahiko lukeela azpimarratu du Burrunbak: «herrian bizitzeko behar duguna eta erabili nahi duguna».

 

AEK EUSKALTEGIA

«Euskeraren erabileran eragiten jarraitu behar dugu»

AEK euskaltegiak ere «positibotzat» hartu ditu emaitzak: «baina garrantzitsuena joera erreparatzea da. Azpimarratzekoa da gazteen artean izandako igoera, datozen urteotan haiek izango baitira helduen taldea osatu eta erabilera sendotu beharko luketenak». 

AEK-k, kalean duen pertzepzioari buruz ere jardun du: «badirudi, gutxi hitz egiten dela euskeraz kalean. Baina datuek bestelakoa diote, eta motibagarria da, beraz, erabileran ere eragiten jarraitu behar dugu». 

Euskaltegiaren zeregina zein den argi utzi du AEK-k, «hernaniarrok euskera landu, hobetu, ikasi eta hori guztia praktikan jartzea. Hau da, ezagutzan eragitea, baina baita erabileran ere. Hernaniarron ezagutza zenbat eta handiagoa izan, aukera gehiago izango dugu euskaraz aritu eta bizitzeko. Beraz, hori da gure zeregina, hernaniarrak euskaldun aktiboak izan gaitezen eragitea eta euskaraz bizi gaitezen motibatzea, bitartekoak eskaintzea eta zailtasunetan laguntzea. Hori guztia herriko eragileekin elkarlanean, jakina».

Neurketa ibilbideetan oinarrituta, AEK-k honakoa ondorioztatu du, eta hainbat proposamen utzi ditu mahai gainean: «badakigu herriko zein auzo eta zonaldetan hitz egiten den gehiago edo gutxiago. Beraz, datu horiei erreparatuz, etorkizunean euskeraren presentzia, ezagutza eta lanketa, non eta nola egin beharko dugun azter dezakegu». 

Azkenik, AEK euskaltegiak argi dauka lanean jarraituko dutela: «hernaniarrak euskalduntzen, motibatzen eta euskaltzale aktiboak izan daitezen. Herriko beste eragile zein norbanakoekin elkarlanean asmatzen badugu, erabilerak goranzko joera izaten jarraitu beharko luke».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!