Kirolak, rockak eta inklusibitateak bat egingo dute gaur, 'Errebeldeak Fest'en

Kronika - Erredakzioa 2022ko urr. 15a, 00:00

Sindy Santiagok emango dio hasiera jaialdiari goizeko 10:30etan.

Goizeko 10:30etan, Sindy Santiago 76 urteko hernaniarrak, inauguratuko du jaialdia Sagastialde auzoan. Arratsaldeko 20:30etan emango zaie hasiera, gaueko kontzertuei, Atsegindegin. Egun osorako egitarau oparoa prestatu dute, eta antolatzaileek gogorarazi dute doakoa dela.

Errebeldeen erreboltak hartuko ditu gaur herriko kaleak, kirola, inklusibitatea eta musika uztartuz. 'Errebeldeak fest' ekitaldia antolatu dute gaurko, egun osorako, eta antolatzaileek argi dute zein den asmoa: «Gure asmo nagusia herritarrak, eta bereziki edozein desgaitasun duten pertsonak kirol-jarduera egokitu eta inklusiboez betetako jardunaldi dibertigarri batean parte hartzera animatzea da, rock-kontzertu handi batean girotuko dena». 

Halaber, ekitaldi honekin, Hernanik irisgarritasunarekin eta inklusioarekin duen konpromisoa erakusten du. Ibon Casas hernaniarrak, duela hamaika urte ekin zion ezgaitasuna benetako arazo gisa erakusteari: «munduko milioika pertsonek bizi dute ezgaitasun egoeraren bat eta gizarte integrazioan oraindik asko dago egiteko» azaldu du Casasek. 

Irabazi asmorik gabeko Dame TVision kultur elkarteak antolatu du ekitaldia, eta bertako buru da Ibon Casas. Azaldu du konpromiso soziala sortu nahi dutela: «jendea kalera ateratzea nahi dugu. Etorri zaitezte eta animatu parte hartzera». Doako ekitaldia da, eta herritarrek gaurko antolatu diren kirol jarduera guztietan izango dute parte hartzeko aukera. 

Puzzle bateko pieza guztiak dituen ekitaldia da gaurkoa, izan ere, Casasek nabarmendu du ekitaldi ederra izateko osagai guztiak dituela, hala nola, kirola eta rocka. 

Egunez, kirol jarduera egokitu eta integratzaileak izango dira herriko protagonistak eta Casasek, jarduera horiek aurrera eramateko ardura dutenak izendatu ditu, hala nola, Gipuzkoako futbol, txirrindularitza eta pelota federazioak, DonostiRoller Patinatzaileen elkarteak, eta Hernaniko Club Rugby Elkateak. 

Halaber, Gipuzkoako Kirol Egokituaren federazioak, inguruko klubekin batera, jarduerak eta jokoak egingo ditu, familiei eta haurrei zuzenduta: «irisgarritasunaren eta inklusiboaren inguruan sentsibilizatzera bideratutako jarduerak eta jolasak eginez» aitortu du Casasek. 

Eguneko programa luzearen ostean, Rock and Rollez jantziko da gaua. Hiru talde igoko dira Atsegindegiko oholtza gainera: Código Bushido, Dravernue eta Rosie´s in Hell. 

 

«Duela hamaika urte landatutako haziaren emaitza» 

2011n, Ibon Casasek, Dame TVision proiektu soziala jarri zuen martxan, 'Apaga la luz y veras' abestia irisgarritasunaren eta inklusibitatearen alde borrokatzeko film bihurtzeko asmoarekin. Amets hau egi bihurtu zen 2019an, eta filma urtebete geroago estrenatu zen. Gaurkoan filmaren esentzia inoiz baino biziagoa izango da 'Errebeldeak fest' ekimenarekin. 

Antolatzaileek herritarrak 'Errebeldeak fest' estatuko lehen kirol eta rock jaialdi inklusiboan parte hartzera gonbidatu nahi ditu: «dena prest dugu, zu bakarrik falta zara. Barneratu eta egokitu zaitez!

 

GAUR - HERNANIN

10:30: Inaugurazioa-Sagastialden. Sindy Santiago 76 urteko hernaniarrak, eguneko protagonista nagusietako batek, inauguratuko du jaialdia, horretarako diseinatutako hiri-zirkuituari ohorezko itzulia emanez. Los Troncos C.C. motorzale taldeko kideek eskolta gisa lagunduko diote, motor ikusgarriak orroatuz.

11:00-12:30: Sindy Santiagoren martxa-Sagastialden. Donostiako DonostiRoller patinatzaileen elkarteak, patinen inguruko herri martxa berezi hau antolatzen lagundu du.

11:00-14:00: Errugbi inklusiboa-Sagastialden. Hernani Rugbyrekin, aniztasun funtzionalak dituzten eta ez dituzten adin guztietako pertsonek osatuta, errugbi inklusiboko partidua jokatuko da.

11:00-14:00: Futbola baino askoz gehiago-Sagastialden: Gipuzkoako Futbol Federazioak, aniztasun funtzionala duten eta ez duten pertsonekin, futbol inklusiboko entrenamendu saio bat dinamizatuko du.

12:00-14:30: Txikinklusiboa-Atsegindegin. Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioak eta inguruko klubek, txikienak dibertitzeaz arduratuko dira Atsegindegiko Txikinklusiboan. Familien irisgarritasunaren eta inklusioaren inguruan sentsibilizatzeko hainbat joko egingo dira, bereziki haur txikienentzat.

12:00-14:30: Denak Fernandoren aurka-Tilosetan. Fernando Mitxelena gurpil-aulkian egokitutako tiro olinpikoko Espainiako txapelduna da 2014az geroztik. Badirudi ez duela aurkaririk. Hori dela eta, GTS Electrónica enpresak eta Fernandok berak Denak Fernandoren aurka! erronka proposatu dute. Nahi duen orok txapeldunaren aurka lehiatu ahal izango du.

12:30-14:00: Kon ruedax y a lo loko-Sagastialden. Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioak bizikleten eta gurpil gaineko beste elementu batzuen (handbikeak, tandemak, gurpil-aulkiak, trizikloak, etab.) herri-ibilaldi hau antolatzen lagundu du. Espazio hau patinatu ezin duten pertsona guztientzat pentsatua dago.

17:00-19:00: Piloteatzen-Tilosetan. Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak, Hernaniko Emakumeen Pilota Klubaren bitartez, pelota inklusiboko erakustaldia eta entrenamendua egingo ditu, bai aulki modalitatean, pilotan probatu nahi duen ororentzat, eta beste bat oinezko modalitatean.

19:00-20:15: San Joan Konpartsa-kalejira. Hernaniko Konpartsak kalejira egingo du Tilosetatik Atsegindegira, jendea kontzertu handira joan dadin.

20:30: Errebeldeak Blind Rock Jaialdia-Atsegindegin. 
Código Bushido. David García musikari, kantari eta konpositore donostiarrak zuzendutako pop proiektua da. Davidek endekapenezko begi-patologia bat du, erretinosi pigmentarioa izenekoa. Lau disko merkaturatu ditu, eta Mikel Erentxunen laguntza haundia du. Dravernue. Donostiako Metal talde indartsua da, proiektu musikari-literarioa irudikatzen duena. Rosie’s in Hell. AC/DCri tributu egiten dion espainiar Estatuko emakume-talde bakarra da. Beraiek kontzertuei eta jaialdiari amaiera emango diote.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!