Heriotza eta dolu perinatalari eskainitako espazioa, hilerrian

Kronika - Erredakzioa 2022ko urr. 15a, 00:00

Sahatsa Jauregik sortuko du gunea.

Udalaren enkarguz, Sahatsa Jauregi artista ari da sortzen 'Izan zirelako' espazioa. Eremua inguratzeko egitura eta eskultura izango dira.

Gaur, urriaren 15a, da Dolu Perinatalaren Nazioarteko Eguna. Zehazki, haurdunaldian zehar edo jaio eta gutxira hil diren seme-alaben doluari deritzo dolu perinatala. Eta, horrek guztiak eragin dezakeen mina aintzat hartuta, Udalak ume horientzako eta horien gurasoentzako espazioa sortuko du udal hilerrian. Are gehiago, jakitera eman dutenez, Udala egoera horretan dauden familiekin elkarlanean ari da espazio hori diseinatzen. 

«Dolu perinatalak badu berezitasun bat, dolu gehienek ez dutena: tabua da. Izan ere, ikusezin bihurtzeko joera duen prozesua da, eta egun oraindik ez dator bat errealitate sozialarekin», adierazi du Udalak. «Jendarteak ez du ume hori ezagutu, eta beraz, ez du aintzat hartu. Dolu prozesu horretan, alaba edo semea hil zaien gurasoek beharrezkoa dute errespetua, umea existitu izan zenaren aitortza, eta, bide horretan, ezinbestekoa da heriotza edo galerak ikusarazten lagunduko duten jarduerak bultzatzea. Dolu perinatalaren kasuan, dolu osasuntsu baterako lehen urratsa aitortza da, partekatu ahal izatea, gizarteratzea, eta, zoritxarrez, gurasoek errekonozimendu ezarekin egiten dute topo». 

Horrekin batera, heriotza perinatalak duen beste zama bat mahai gaineratu dute. «Egoera hori bizi duten familiek jakinarazitakoaren arabera, haurdunaldiaren 24garren astea baino lehen jaiotzen diren haurrak klinika edo ospitalearen esku geratzen dira». Hori horrela izanik, diote, «gurasoek ez dute ume hori lurperatu edo ehorzteko aukerarik. Gurasoek ezin dute umearen inguruko erabakirik hartu. Aukera bakarra da, erditu ostean ikustea eta erditze gelan agurtzea. Seme-alaba baten heriotzari momentu traumatiko hau gehitzeak eragin zuzena du gurasoek biziko duten doluan».

Egoera ilun eta latz horri aurre egiten laguntzeko sortuko du Udalak espazio hori, eta horren garrantzia azpimarratu dute.  Hain justu ere, Udalak sortutako espazio berriak ahalbidetuko du egoera hori bizi izan duten eta biziko duten gurasoek gune bat izan dezaten, bere alaba edo semea agurtzeko, bisitatzeko edo ikustarazteko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!