Europaren begitan «aitzindari» Hernani, hainbat alorretan

Kronika - Erredakzioa 2022ko urr. 15a, 00:00

antzu Jauregi, Jone Arrazola eta Lur Etxeberria, MEET egitasmoaren lehenengo topaketan, Portugalen.

Bidezko Eraldaketarako Udalerriak Europan (MEET) proiektuan parte hartzen ari da Hernani, eta gaur du topaketako bigarren saioa.  

Bidezko Eraldaketarako Udalerriak Europan (MEET) proiektuan parte hartzen ari da Hernani, Europako beste lau herrirekin batera: Famaliçao (Portugal), Arcueil (Frantzia), Valsamoggia (Italia) eta Dąbrowa Górnicza (Polonia). Meet proiektuak administrazio publikoa eta gizarte zibila biltzen ditu, Europan aurrean ditugun erronkez jabetzeko eta horiei aurre egiteko lankidetza-moduak aztertzeko.

Udala bere egitasmoak partekatzen ari da Europako gainerako herrialdeekin. Izan ere, Udalaren jardunari aitzindari iritzi diote hainbat alorri dagokionez: hala nola, Ingurumena, Ekonomia, Euskara, Berdintasuna zein Kulturartekotasunean. Ingurumenaren jasangarritasunerako, ZeroZabor politika aurkeztuko du: hondakinen gaikako bilketa sistema (atez ate) edota ZeroZabor hozkailua izango ditu hizpide. Ekonomia sozialaren alorrean, aipagai izango ditu Iturola Elkarlan Sorgunea zein Ekhi tokiko monetaren aldeko apustua. Euskeraz bizitzeko hautua egiten du Udalak: Euskara Ari Du dinamikaren bidez sustatzen diren hizkuntza irizpideak aurkeztuko ditu. Genero Berdintasunaren alorrean ere bada zer partekatu: Udalak Genero Zeharlerrotasuna sustatzeko martxan jarritako lan-ildoa zein emakumeen ahalduntzerako zerbitzu eta baliabideak aurkeztuko ditu, besteak beste, Emakumeen Jabetze Eskola eta Kulturarteko Plaza Feminista. Azken horren eskutik, Kulturartekotasuna sustatzeko Udalak dituen egitasmoei ere toki egingo zaio: Harrera Gida eta Amher Sos Arrazakeria Elkartearekin duen hitzarmena aurkeztuko ditu.

 

Bigarren topaketa, gaur

Portugalen izan zen lehenengo topaketa, eta dagoeneko eman diote segida bigarrenari. Atzo izan zen lehenengo saioa, eta gaur da bigarrena. Goizeko 10:00etan hasi eta 14:00etan bukatuko da, online, eta izena eman behar da berdintasuna@hernani.eus helbide elektronikora idatzita.

«COVID pandemiaren bidez erresilientzia eraikitzea da gure hurrengo bileraren izenburua», aipatu dute. «COVID-19ak gure komunitateetan duen eragina aztertuko dugu elkarrekin, istorio eta testigantzekin. Zer gertatu zaigu? Nola erreakzionatu dugu? Zer ikasi dugu? Esperientzia traumatiko honetatik inspirazioa ateratzen saiatuko gara, ordurako gure begirada beste eszenatoki posible batzuetara zabalduz, non gure erreakzionatzeko gaitasuna froga litekeen».

Atzoko eta gaurko saioetan, Udalak bi esperientzia partekatuko ditu: bata, pandemiaren itxialdi egoeran sortu zen zaintzarako sare herritarra; bestea, Udalaren antolaketan izandako egokitzapenak. Jaime Nieto, Energia, Ekonomia eta Sistemen Dinamikako Taldekoa (GEEDS, Valladolideko Unibertsitatea, Espainia), izango da gonbidatu berezia. «Haren laguntzarekin, hurrengo urteetan gure sistemen zein alderdi izango diren arriskutsuenak ulertzen saiatuko gara». Aurreratu dutenez, erresilientziaren osagaiak zeintzuk diren jakiten ahaleginduko dira. Tresna berriak ere aztertuko dituzte, «prestatu gabe harrapa ez gaitzaten».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!