Bakailua betiko erara, berrikuntzekin... Gaur da pintxoak dastatzeko azken eguna!

Kronika - Erredakzioa 2022ko urr. 14a, 00:00

Bakailu Asteko protagonistetako bat, Pil-Pil, Kaxkoan ezkutatuta.

24 taberna, 24 pintxo, bakailu asko eta, batez ere, giro ona izan dira protagonistak Bakailu Astean. Gaur itxiko da 10. edizioa, eta RocKalean taldeak girotuko du itxiera-eguna. 

Joan den astelehenean jarri zuten martxan 10. Bakailu Astea. Ordutik, buru-belarri aritu dira lanean herriko 24 taberna, bakailu-pintxoak prestatzen. Sekulako giroa izan da herrian, herritar mordoa animatu baita pintxoak dastatzera. Taberna askotan, pintxoak ere agortu dira zenbait egunetan. 

Ia bi asteren ostean, gaur amaituko da aurtengo edizioa. Beraz, gaur da taberna parte-hartzaileen proposamenak dastatzeko azken eguna. Herritarrek ere gaurko 20:00ak arte dute ranking-a egiteko azken aukera. Izan ere, aurten ere herritarrek aukeratu ahal izango dituzte hiru pintxo goxoenen izenak, eta horiek jasoko dute herritarren saria. Izan ere, beste sari bat ere izango da: epaimahai profesionalarena. Bihar banatuko dituzte, 12:00etan hasita, Berriak-etik abiatuta. Herritarrena erabakitzeko, bakailu-pintxoak dauden taberna guztiek dituzte bozka emateko esku-orriak eta horiek uzteko kaxak. Parte hartzen duten guztien artean, zozketa egingo du Berriak Hernaniko Merkatarien eta Ostalarien Elkarteak. 

Ikuskizuna izango da gaur arratsaldean, azken trakarako

10. Bakailu Astearen azken eguna girotzeko eta lehiaketa borobiltzeko, RocKalean taldeak emanaldia eskainiko du herriko kaleetatik barrena. Arratsaldeko 19:00etan hasiko du ikuskizuna, eta iluntzeko 21:00ak arte luzatuko da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!