«Zergatik da EH Bildurentzat hain erraza etorkizunaz hitz egitea eta horren zaila oraina lantzea?»

Kronika - Erredakzioa 2022ko urr. 13a, 00:00

EAJ-PNVk dioenez, «2011n, ezker abertzaleko Hernaniko alkateak Galarretako Parke Teknologikoak 1.000 lanpostu sortuko zituela iragarri zuen. 11 urte ondoren, EH Bilduko hiru alkate igaro eta gero, ez da ezer egin».

Andoni Amonarraiz EAJ-PNVko bozeramaile jeltzaleak adierazi duenez, «hitz egitea beti izan da erraza pertsona eta alderdi politiko batzuentzat. Egitea, ordea, errazagoa izan da beti EAJ-PNVko agintariontzat. Nik neuk neure buruari loreak botatzen dizkiodala dirudi, baina herri honetako hemeroteka ikusi besterik ez dago».

Amonarraizek Galarretako Parke Teknologikoan jarri du enfasia. «Zer gertatu da Hernaniko alkateak duela 11 urte industria-eremu horren inguruan egindako promesarekin? Ezertxo ere ez, inguruan zentro komertzialak jartzea baino ez dute ahalbidetu. EH Bilduk Hernanin egin duen kudeaketa industriala desastre hutsa da, eta Couth 2022an lur horietan instalatuko denez, beraien kudeaketaren emaitza ez da zero inkorporazio izango. Udaletik, eta urteetan zehar, dena izan da eragozpena Galarretan instalatu nahi izan diren enpresentzat. Egia esan, Hernanik bazuen, eta badu, hernaniar askok lanpostu duin bat aurkituko zuketen espazio bat, eta hutsik dago».

 

«Garapen industriala sustatu behar da, ingurumena errespetatzen duena eta kalitatezko lanpostuak sortzen dituena»

«Industria da gure herrian aberastasun gehien sortu duen eta sortuko duen sektorea», dio Amonarraizek. Hori horrela, hausnarketa egin du bozeramaile jeltzaleak: «Garapen industriala sustatu behar da, ingurumena errespetatzen duena eta kalitatezko eta berdintasunezko lanpostuak sortzen dituena. Hori da gure herriak hazten jarraitzeko eta gure inguruan erreferente izateko duen bidea».

Amaitzeko, EAJ-PNVko bozeramaileak argi utzi du, nahiz eta batzuek ez ulertu: «Hernaniarrok egunero jaten dugu, beraz, etorkizun gutxiago eta oraina gehiago!».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!