EH Bilduren kudeaketa «txarra» izan dela adierazi du EAJ-PNVk

Kronika - Erredakzioa 2022ko urr. 11a, 00:00

Portu eta Elizatxoko auzoak eta apeaderoa lotzen dituen bidea itxita egoteak bizilagunen bizi-kalitatea «okertu» duela salatu du alderdiak.

Renfeko lanak amaituta, Portu eta Elizatxo auzoak eta apeaderoa lotzen dituen bidea itxita gelditu da. Horren aurrean, EAJ-PNVk adierazi du EH Bilduren kudeaketa «txarra» izan dela. Are gehiago, alderdiak jakitera eman du Udalak jakin bazekiela «duela 10 urte baino gehiagotik, bide hori itxi egingo zutela, eta duela ez hainbeste, geraleku berriaren proiektua aurkeztu zenean ere abisua jaso zutela».

Hori horrela izanik, Andoni Amonarraiz Hernaniko EAJ-PNVko bozeramaileak honako galdera hau bota du: «Zergatik ez zuen EH Bilduk orain urte batzuk egin gaur egun aurreikusi duen bide berria, trenbideari paraleloan doana?». Eta Amonarraizek berak eman dio erantzuna mahai gaineratutakoari: «Aurreikuspenik ez duelako, kudeatzeko gaitasun faltagatik, interes ezagatik, arrazoi horietako edozeinengatik edo guztiengatik… Arrazoi horiengatik, Portuko eta Elizatxoko bizilagunen bizi-kalitateak okerrera egin du».

Gainera, bozeramailearen esanetan, «Hernaniko Udaleko gobernu-taldeko norbaitek denbora pixka bat eman izan balu bidea ixtearen ondorioak zeintzuk izango ziren aztertzen, gaur egun ez ginateke horrela egongo. 2030eko Hernani aurreikustea, bere antolaketa-egiturekin udalerri ideala ehotzen denbora ematea eta egunerokoaren gainetik flotatzea da errazena. Trenaren eta igogailuaren erabiltzaile guztiek, Portun eta Elizatxon bizi direnak, egunero dute gogoan bidea itxita dagoela eta EH Bilduk ez diola konponbiderik eman sortu den arazoari, dagokion momentuan. Ikusiko dugu noiz egiten duen».

Bukatzeko, alderdi jeltzaleak hauteskundeetan jarri du fokua. «Ez da asko falta hauteskundeetarako, eta ziurrenik, bide, proiektu eta beste gai asko konpondu, eraiki edo aldatuko dira 2023ko lehen lau hilabeteetan». 2019ko hauteskundeen aurretik esandakoa errepikatu du Amonarraizek: «Eskerrak hauteskundeak dauden lau urtean behin, sasoi horretan jartzen baititu EH Bilduk pilak».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!