Udalak ostalaritzako terrazen ordenantza berriskusteko prozesua jarri du martxan

Kronika - Erredakzioa 2022ko urr. 11a, 00:00

Terrazak araudi berriekin ireki ziren pandemia garaian.

Erabiltzaileen beharrak identifikatu eta proposamen osatu bat egiteko, bihar arte, parte-hartze prozesu bat jarri du Udalak.

Taberna, kafetegi eta jatetxeetako terrazen ordenantza berrikusten ari da Udala eta herritarren eta eragileen iritzia jasotzen hasi da. Terrazen auzia alderdi ezberdinetatik aztertzea beharrezkoa dela iritzita, erabiltzaileen beharrak identifikatu eta proposamen osatu bat egitea da Udalaren nahia. Hori dela eta, parte-hartze prozesu bat abian jarri du. Herritarren iritzia jasotzeko inkesta zabalik dago eta bihar arte erantzuteko aukera egongo da.

Terrazak haunditu edo jarri ahal izatea oso lagungarria izan da ostalaritzaren sektorearentzat pandemiaren garaian. Horren garrantziaz jabeturik, Udalak malgutasunez jokatu du establezimendu bakoitzak jarri duen mahai kopuruari dagokionez.

Horrek, ordea, espazio publikoaren erabiltzaile ezberdinen arteko elkarbizitza eraldatu du, eta, behin pandemiaren murrizketak bukatuta, espazio publikoaren erabilera ezberdinen arteko oreka berrezartzea ezinbestekoa da.

Hori da ordenantza berrikusteko prozesuaren arrazoi nagusia. Alde batetik, sektorearen iritzia jasoko da eta, bestetik, herritarren iritzia.

 

Saio irekia ere egingo da

Inkesta ez da parte-hartzeko bide bakarra izango, herritarrei eta eragile sozialei irekitako aurrez aurreko saio ireki bat ere egingo baita. Herritarren eta eragile sozialen iritzia jasotzeaz gain, sektorearen ekarpenak jasotzeko bideak ere zabaldu ditu Udalak eta, horretarako, berezko inkesta bat diseinatu du https://site.zoom.eus/survey.html?token=Ic7KVZZwqRwYzyai1d8vsqKmYxg3mX estekan, baita sektoreari bideratutako saio bat ere

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!