'Comète, ihesbide sarea' erakusketa ikusgai izango da Biterin, gaurtik larunbatera arte

Kronika - Erredakzioa 2022ko urr. 10a, 00:00

10:00etatik 13:00etara eta 16:30etatik 20:30etara egongo da zabalik. 'Azken bidaia' dokumentala ostegunean proiektatuko dute.

Udazkeneko kultur agendaren barruan, Hernanin egoitza duen Comète Bidasoa Elkarteak antolatuta, Comète, ihesbide sarea erakusketa izango da gaurtik larunbatera arte, Biterin. Urtea amaitu arte behintzat, horixe izango da kultur etxeko erakusketa bakarra, urri erdialdetik aurrera obrak egingo baitituzte eraikineko gune hori hobetze aldera.

Erakusketa gaur inauguratuko dute, 12:00etan, eta hauxe izango da beteko duen ordutegia: goizetan, 10:00etatik 13:00etara eta, arratsaldetan, 16:30etatik 20:30etara.

Gainera, ostegunean, Azken bidaia dokumentala proiektatuko dute. 19:00etan jarri dute horretarako hitzordua eta, ondoren, mahai-ingurua izango da Iurre Telleria eta Enara Goikoetxea zuzendariekin. Duela 60 urte baino gehiago, gau batez izandako zorigaiztoko gertaera azaltzen du ikus-entzunezkoak. Zehazki, Pirinioetatik gertu kokatutako baserri batean sei pertsona atxilotu zituztenekoa.

Hain zuzen ere, Comète (1941-1944) sare zibil klandestinoa izan zen II. Mundu Gerran. Naziek okupatutako Europan eraisten zituzten hegazkinlari aliatuei babesa ematen zien, eta Euskal Herrian eta Pirinioetan barrena Frantzia eta Espainia arteko muga zeharkatu ondoren, Gibraltarrerantz eramaten zituzten. Comète sareak, gutxi gorabehera, 800 iheslari hartu edo aberriratu zituela uste da, eta 3.000 zibil baino gehiagoren laguntza izan zuen.

Aurreratu dutenez, «erakusketak lehen pertsonan kontatzen ditu balentria hori egin zuten protagonisten bizipenak, batik bat adin nagusira ozta-ozta iristen ziren eta Gestapo estutasunean jartzea lortu zuten emakumeenak. Motibazioek, arriskuek, beldurrak, ziurgabetasunak... gizarte zibilak gatazka-egoeretan izan zuen egitekoari buruz hausnartzeko aukera ematen digute».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!