Trikoloreek garaipena lortu zuten atzo, denboraldiko lehenengo jardunaldian

Kronika - Erredakzioa 2022ko urr. 10a, 00:00

Oier Garmendia eta Mikel Imaz hernaniarrak atzo, Bilboko Valtesca UBR taldearen aurkako partiduan.

Ohorezko B mailan, 38-7 amaitu zen norgehiagoka, Landaren, Bilboko UBR taldearen aurka.

Udako atsedenaldiaren ondoren, atzo hasi zuen Hernanik, Ohorezko B mailan, aurtengo denboraldia. Bilboko Valtesca UBR taldea izan zuen aurrez aurre estreinakoan, eta jendez bete zen Landare talde trikolorea ikusteko. Geldiezin aritu ziren hernaniarrak, eta 38-7 itxi zen markagailua etxekoen alde.

Partidua hasi eta berehala gailendu zen Hernani, hamabigarren minutuan, orain arteko maila ona erakutsita. Hain justu, entsaioa egin zuen Einar Arratibelek, eta Beñat Arizetaren jaurtiketarekin zazpi puntu batu zituzten etxekoek. Bizkaitarrena izan zen hurrengo entsaioa, eta norgehiagokako berdinketa bakarra izan zen une horretan, 7-7koarekin. Baina trikoloreek segituan hartu zuten aurrea, eta Jon Ander Zapiainen entsaioarekin 12-7ko abantaila lortu zuten. Hortik aurrera, Bilbokoek ezin izan zuten etxeko taldea gelditu.

Atsedenaldiaren aurretik, Jokin Oleak entsaioa egin eta Beñat Arizetaren jaurtiketarekin, zazpi puntu gehiago batu eta 19-7koarekin joan ziren aldageletara.

Bigarren erdia hasi eta hamar minutura, Beñat Iradi hernaniarrak indartsu gurutzatu zuen aurkarien lerroa, eta entsaioa egin ostean, Beñat Arizeta herrikideak ez zuen hutsik egin jaurtiketan. Horrela, zaletuen txalo artean, 26-7koa egin zuen Hernanik.

Hogei bai minutu behar izan zituzten etxekoek markagailuan aurrera egiten jarraitzeko. Mikel Imazena izan zen oraingo honetan, hurrengo entsaioa. Eta, lehenengo jardunaldia borobil bukatzeko, Jokin Garciarena izan zen azken entsaioa. Arizetak ez zuen hutsik egin, eta 38-7ko emaitzarekin amaitu zen norgehiagoka.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!