Bosgarren amaitu zuen Eñaut Martikorenak, Victoria Eugenian

Kronika - Erredakzioa 2022ko urr. 9a, 11:07

Eñaut Martikorena hernaniarra atzo, Victoria Eugenia antzokian.

Atzoko saioan, 674,5 puntu lortu zituen hernaniarrak. Une honetan, matematikoki ia ziurtatuta dauka hurrengo fasera sailkatzea. 

Atzo jokatu zen, Donostiako Victoria Eugenia aretoan, Bertso Txapelketa Nagusiko lehen faseko bosgarren saioa. Goraino bete zen antzokia, 888 bertsozale elkartu baitziren bertan. Leire Garatxena Larrabe aritu zen gai-emaile lanetan, eta bertsolariak, berriz, honako hauxek izan ziren: Aitor Etxebarriazarraga Gabiola, Beñat Iguaran Amondarain, Onintza Enbeita Maguregi, Maddalen Arzallus Antia, Eñaut Martikorena Lizaso eta Jone Uria Albizuri.

Urumea bailara ordezkatuz, saio borobila egin zuen Eñaut Martikorena hernaniarrak. Nolanahi ere, 674,5 puntu lortu zituen eta bosgarren postuan amaitu zuen saioa. Ariketa puntuagarri guztiak bukatuta, Jone Uria izan ze txapeldun, 706 punturekin. Haren atzetik gelditu ziren Onintza Enbeita 688 punturekin, Aitor Etxebarriazarraga 682,5 punturekin, Maddalen Arzallus 678 punturekin, Eñaut Martikorena 674,5 punturekin eta, azkenik, Beñat Iguaran 659 punturekin.

Gaztelumendi eta Azpiroz gaur, Lizarran, azken saioan

Bertsolari Txapelketa Nagusiaren lehen fasea amaitzear dago. Izan ere, gaur jokatuko da azken saioa, Lizarrako Los Llanos aretoan, 17:00etan hasita. Hantxe izango dira Hernaniko Bertso Eskolan aritutako Unai Gaztelumendi añorgatarra eta Asier Azpiroz zubietarra bertsolariak.

Eta asteburuko saioak amaituta, Jone Uriak Irungo finalaurrekoan arituko da, azaroaren 5ean, Sustrai Colinarekin, Hernanin bizi den Nerea Ibarzabalekin eta beste hiru sailkaturekin batera. Gaurko saioan, bost bertsolariek puntuazioaren arabera izango dute finalaurrekoetara sailkatzeko aukera.

Bere aldetik, Martikorenak matematikoki ia ziurtatuta dauka hurrengo fasera sailkatzea. 13 bertsolarik lortuko dute pasea, eta hernaniarrak bederatzigarren postua du une honetan. Hori horrela, gaurko saioaren baitan geldituko da Hernanikoaren sailkatzea. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!