Amiantoarekin lotutako epaiketa bihar, Donostiako Auzitegian

Kronika - Erredakzioa 2022ko urr. 9a, 00:00

2020an biriketako minbiziagatik hil zen langile hernaniar baten kasua epaituko dute.

Amiantoarekin lotutako beste epaiketa baten berri eman du Asviamiek, Euskadiko Amiantoaren Biktimen Elkarteak. Hain zuzen ere, bihar goizean epaituko da, Donostiako epaitegian, Patxi M.E. hernaniarraren heriotzaren kasua. Lanean arnastutako amiantoaren ondorioz, biriketako minbizia detektatu zioten, eta 2020an hil zen, Pedro Orbegozo-Acenor enpresan lanean aritu ondoren.

Gertatutakoagatik, hildakoaren familiak 171.240,61 euroko kalte ordaina eskatu die Cofivacasa, Sidenor, Montajes Nervión eta José María Ucín enpresei, Pedro Orbegozo-Acenorren oinordeko diren aldetik. Horrekin batera, hernaniarra­ren senideei babesa erakusteko asmotan, kontzentrazioa deitu du Asviamiek Donostiako Auzitegiaren aurrean, goizeko 09:15etatik 09:45etara. Gainera, bertaratzen direnek eskatuko dute konpentsazio funts baten sorrera.

Asviamiek jakitera eman duenez, 1969 eta 1992 urteen artean aritu zen Patxi M.E. mekanikari lanetan Pedro Orbegozo-Acenorren. Gero, fabrika ixtean, Montajes Nervión-era egin zuen aldaketa, eta 1995 eta 1998 urteen artean Marcial Ucin SAko langilea izan zen.

2020ko martxoaren 22an, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegiak enpresa demandatuak kondenatu zituen kalte ordaina ordaintzera, hernaniarrak lan egin zuen eremuetan «segurtasun neurririk ez zegoelako amiantoaren fibrak manipulatzeko arriskuaren aurrean». Asviamiek dioenez, epaia irmoa da, eta frogatutzat jotzen da langilea mekanikari gisa aritu zen enpresa horietan amiantoaren eraginpean egon zela, eta enpresa horietan ez zirela bermatu legeak substantzia kantzerigenoaren aurrean eskatzen zituen segurtasun-neurriak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!