Gizarte Berrikuntzako LHII ikastetxea bisitatu dute azken asteotan

Kronika - Erredakzioa 2022ko urr. 9a, 00:00

Jokin Bildarratz, Jorge Arévalo eta Txema Murguialday, LHIIko arduradunekin.

Zentroan izan dira Jokin Bildarratz, Jorge Arévalo, Txema Murguialday eta Denis Itxaso.

Hernaniko Gizarte Berrikuntzako LHII ikastetxean hainbat bisita izan dira azken asteotan. Batetik, joan den irailean, zentroan izan ziren Jokin Bildarratz Hezkuntza Sailburua, Jorge Arévalo Lanbide Heziketako Sailburuordea eta Txema Murguialday Gipuzkoako Ikuskaritzako Lurralde burua. Bestetik, joan den astean, Denis Itxaso Espainiako Gobernuko delegatuak bisitatu zituen instalakuntzak.

Ikastetxeak dituen oinarrizko, erdi eta goi mailako zikloak ezagutzeaz gain, tailerretan eta ikasgeletan zeuden ikasleekin hitz egiteko tartea ere izan zuten. Gonbidatuek interesa azaldu zuten ikasleen erronkak ezagutzean, eta baita beren lanak eta proiektuak ikustean eta ikastetxeko egunerokotasuna ezagutzean.

«Benetan bisita interesgarria eta emankorra izan zen: gure ikastetxearen, hezkuntza eskaintzaren, esku artean ditugun proiektuen eta ikastetxearen etorkizunaren inguruan hitz egiteko tartea ere izan genuen. Hernaniko Gizarte Berrikuntzako LHII ikastetxean, eraldaketa haundiak ditugu aurreikusita ikasturte honetarako», aipatu dute ikastetxeko arduradunek.

Horregatik guztiagatik, eskerrak eman dizkiete ikastetxera bertaratzeagatik: «Obrak, berrikuntzak, teknologia eta digitalizazioan aurrerapausoak, proiektu jasangarri eta berritzaileak… aurretik ditugun erronka guztiei eta batez ere, gure ikasleen formakuntzan eta egunerokotasunean lan egiteko indarberritu gaitu bisita honek.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!