50. urteurrena du aurten Goiz Eguzkik, eta festa-giroan ospatuko du aste honetan

Kronika - Erredakzioa 2022ko urr. 9a, 00:00

Aste osorako ekintzak antolatu dituzte, bihartik hasita larunbatera arte. Musika, bingoa, hartubola, eta beste hainbeste saio izango dira.

Urte berezia da aurtengoa Goiz Eguzki jubilatu-etxearentzat. Izan ere, 50 urte beteko ditu urriaren 12an, eta, mende erdia egunero betetzen ez denez, sei eguneko egitarau zabala prestatu dute bertakoek datozen egunetarako.

Bihar emango diote hasiera urteurren festari, eta hainbat jolas izango dituzte arratsaldean. Toka, igel-toka, dardoak eta beste hainbat aukera izango dituzte. Parte hartzeko interesa dutenek, momentuan bertan izango dute izena emateko aukera, 16:30etatik aurrera. Horrekin batera, egunero izango dute zeregina jubilatuek, egunero izango baitira urteurrenarekin lotutako ekintzak.

Asteazkena, egun nagusia

Goiz Eguzkikoek aurreratu dutenez, asteazkena izango da egun potoloena. Hain zuzen ere, goizetik hasita arratsaldera arte izango dituzte ekintzak.

Goizean, hartubol partiduak izango dira Urbieta kalean. Orain arte kiroldegiko kantxan ikasitakoa, kalean erakutsi ahal izango diete gainerako herritarrei. Gero, meza egingo dute parrokian, hildako bazkideak oroitzeko. Eta bukatzeko, mahaiaren bueltan bildu eta bazkaria egingo dute elkarrekin, Atsegindegin. «Horretarako, bazkide-txartela erakutsi beharko da», esan dute.

Festa larunbat eguerdian amaituko dute, Goiz Eguzki abe­sbatzaren doinuekin.

 

GOIZ EGUZKIREN  50. URTEURRENA

EGITARAUA
Urriak 10, Jolasak: toka, igel-toka, dardoak eta botea. 16:30etan, Goiz Eguzkin. 
Urriak 11, Sentsibilizazio saioa musikarekin. 09:30etan, 
Goiz Eguzkin. 
Urriak 12, Hartubol partiduak 11:00etan, Urbieta kalean; meza hildako bazkideen omenez 12:00etan, parrokian; bazkaria 13:30etan, Atsegindegin.
Urriak 13, Bingoa. 18:00etan, Goiz Eguzkin.  
Urriak 14, Martxa bateratua (Goiz Eguzki-Urnieta-Goiz Eguzki. 09:30etan; zinea Goiz Eguzkin, 17:30etan.
Urriak 15, Goiz Eguzki abesbatza herriko kaleetan barrena, 12:00etan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!