'Hariak, erresistentzia istorioen zinemaldia', azaroaren 3tik 13ra

Kronika - Erredakzioa 2022ko urr. 8a, 00:00
Atzo eguerdian egin zuten aurkezpena, Kulturarteko Plaza Feministan.

Gai ezberdinetako 13 film eskainiko dira, Kulturarteko Plaza Feministan.

Hernaniko Udalak, Hariak, erresistentzia istorioen zinemaldiaren lehen edizioa aurkeztu zuen atzo eguerdian, Kulturarteko Plaza Feministan. Zinemaldiko aurkezpenean hizlari izan ziren ondokoak: Xabier Lertxundi Hernaniko alkatea, Itsaso Lekuona Berdintasun eta Lankidetza zinegotzia, Irantzu Jauregi Lankidetza teknikaria eta Su Hernandez Amher Sos arrazarekia elkarteko kidea. 

Lertxundik hartu zuen hitza aurrena, aipatuz «gure herrian gertatzen denak lotura zuzena» duela mundu zabalean bizi diren prozesuekin eta gertakariekin. Eta horrexegatik, aitortu du, Hernaniko Udaleko Lankidetza arloak urteak daramazkiela errealitate horien arteko harremanak landu eta egoera ezberdinekiko sentsibilizazioa sustatzen.

Era berean, Lertxundik argi azaldu zuen, herritarren begirada zabaltzeko helburuarekin, mugarri izan nahi duela Hariak, erresistentzia istorioen zinemaldiak: «munduan zehar ematen diren giza eskubideen urraketak ikusaraziko dituen zine zikloa izango da, baina batez ere, urraketa horien aurrean antolatutako erresistentziei leku egingo diena. Horiek baitira istorio guzti hauek elkarren artean lotzen dituzten hariak».  

Jarraian, Itsaso Lekuonak hartu zuen hitza, eta zinemaldiari buruzko xehetasunak eman zituen. Aipatu zuen, lehenengo edizio honetan azaroaren 3tik 13ra, jatorri eta gai ezberdinetako 13 film eskainiko direla, Kulturarteko Plaza Feministan. «Proiekzio bakoitzaren ondoren, solasaldi eta mahai inguruak izango dira ikusitakoa sakontzeko asmotan. Jarduera anitzetarako espazioa da Kulturarteko Plaza Feminista, eta zinemaldiak irauten duen bitartean zine aretoa bihurtzeko ahalegina egingo dute antolatzaileek, gunea egokitu eta goxatuz». Halaber, antolatzaileek ziurtatu dute bertaratzeko ez dela aldez aurretik izena eman behar: «40-50 bat pertsonentzat egokituko dugu eremua». 

Horrez gain, Lekuonak azaldu zuen espazio honetan biltzen direla udaleko lankidetza, kulturartekotasun eta berdintasun arloak eta baita arlo horien inguruan lan egiten duten herri eragileak ere: «zinemaldian ikusiko diren zapalkuntzak salatzen dituzten eragileak dira, eta beraz, horien aurrean antolatzen diren erresistentzia istorio hauei ere, leku berean emango zaie oihartzuna».

Jarraian, Berdintasun eta Lankidetza zinegotziak garrantzia eman zion ondorengoari: «urte asko dira Udalaren bidez eta eragileen laguntzaz, gure herrian eta munduan zehar gertatzen diren zapalketa eta horien aurreko erantzunen berri ematen dela, mahai-inguru, hitzaldi, tailer, erakusketa edo zinearen bidez. Besteak beste, Amher Sos Arrazakeria elkarteak esperientzia luzea du migrazioaren inguruko Migrazinea zine zikloa antolatzen. Orain arte egindako lan guzti horren esperientzia baliatuta, oraingo honetan zinemaldi oso bat antolatu nahi izan da, zineak (fikzioa edo dokumentala izan) egoera horiek ikusarazi eta horien inguruko kontzientzia eta sentsibilizazioa sortzeko duen gaitasunean sinetsita».

'HARIAK' ZINEMALDIA

Eskainiko diren filmak

 

AZAROAK 3

19:00 Flores de la llanura

AZAROAK 4

18:00 Nuestra libertad

AZAROAK 5

11:00 La vida despues del ISIS
18:00 Como yo queria

AZAROAK 6

11:00 Els nostres George Floyd
18:00 918 gau

AZAROAK 10

18:00 Indestructibles

AZAROAK 11

18:00 Awlad. Hesiak gainditu

AZAROAK 12

11:00 Ipar Basatia
18:00 Aqui estamos

AZAROAK 13

11:00 Vecinas Vivas donde Vivas eta Vivdas invisibles. Mujeres migrantes bajo el plastico.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!