«Zelabiden jende asko bizi da eta jaietan jendetza biltzen da giro ezinhobean»

Kronika - Erredakzioa 2022ko urr. 8a, 00:00

2019an hasi ziren festak antolatzen eta 2021ean berreskuratu eta gero, aurten hirugarren urtez antolatu dituzte. Atzo hasi ziren jaiak eta gaurko, egun osoko egitaraua prestatu dute goizeko 10:00etan hasi eta goizaldeko 02:00ak arte «gutxienez».

Zelabideko jaiak pandemiari aurre egin zioten bakarrenetakoak izan ziren joan den urtean. Festa gehienak bertan behera geratu ziren, baina auzo honetako bizilagunek bigarren urtez, 2019ko lehenengo edizioa eta gero, egitarau zabaleko jaiak antolatu zituzten. Behin pandemia gaindituta, arrazoi gehiago dago hirugarrenez Zelabideko festak antolatzeko. Atzo hasi ziren txupinazoaren jaurtiketarekin eta haurrak primeran pasa zuten tradizio bihurtu den segidako Holi festarekin. «Benetan izaten da koloretsua eta ikusgarria».

Jaixkipe txaranga eta buruhaundiak eta gero, sardina dastaketa izan zen. Umeentzako eta helduentzako musika jarri zuen DJ Pakok, mozorro lehiaketa antolatzen zen bitartean. Irudi eta mozorro zoragarriak ikusi ziren eta haurren eta helduen bi mozorro ikusgarrienak saria eraman zuten. Egunari amaiera emateko zezen suzkoak argitu zuen gaua. 

Astean zehar prestatu dituzte txosna eta karpa, eta edariak ere hozten jarri dituzte.

 «Gabriel Zelaia plaza, Bidebieta plaza eta Eper taberna pareko plaza dira festa guneak»

Astean zehar, Zelabide auzoan, Sagastialde Elkarteko kideek, dena behar bezala irteteko antolatu dute eta gaur dute egun haundia. «Egun guztiko festa antolatu dugu. Hiru urte daramazkigu jaiak antolatzen eta betiko egitaraua antolatu dugu. Beste urtetan nahiko ongi atera dira eta bide beretik jarraitu nahi izan dugu. Pandemia baino lehen antolatu genuen lehenengo edizioa, 2019an, 2020an ezin izan zen eta joan den urtean berreskuratu genuen festa. Auzo elkarteko kideak oso animatuak dira eta egitarau zabala prestatu zuten, aurten errepikatuko duguna».

Haurrek baino hobeto pasa zuten atzo heldu batzuek, jaien hasierako Holi Festean.

Joan den urteko festa arrakastasua izan zen, «jendeak gogo haundia zuen festarako eta aurten oraindik eta gehiago. Ikusi besterik ez dago udaran zehar zenbat jende mugitu den festetan. Zelabiden ere jende asko bilduko da. Joan den urtean jendetza ibili zen».

Zelabide auzoa Hernaniko berrienetakoa da eta horrek bere ezaugarri berezia ematen dio. «Auzo gaztea da eta bizilagunak ere gazteak dira. Familia asko dago eta jende asko bizi da auzoan. Horrek ziurtatzen du jendetza biltzea Gabriel Zelaia plazan. Ume pila bat dago auzoan eta primeran pasa zuten, giro oso polita sortu zen».

Zelabideko sokatiran broma gutxi izaten da dena ematen duten lehiakideen artean.

Zelabideko erdigunea izaten da Gabriel Zelaia plaza, baina ez da festa eremu bakarra. «Gaurko herri bazkaria bertan izaten da eta aurten gainera karpa jarri dugu. Eguraldia ez dakigu nolakoa izango den eta horrek ziurtatuko digu lasaiago egotea. Paella herrrikoi erraldoia sukaldatzen da. Oso potentea izaten da bazkalosteko bingoa. Arrakasta haundia izaten du eta jendeak asko disfrutatzen du. Karpan bertan egingo da aurten eta saria da bertan biltzen den dirua. Bidebietako plazak eta Eper tabernako plazak ere hartzen dituzte ekitaldiak. Honela, toka txapelketa eta sokatira herrikoia Eper tabernako plazan antolatzen da».

Bidebieta plaza ere gune garrantzitsua izaten da. «Batez ere txikienentzako. Bertan antolatzen da apar festa. Gaur eguerdiko 12:00etan izango da eta arratsaldean ere giza futbolina bertan izango da. Hor ere jende asko biltzen da».  

 

Bidebieta plazan, egun osoan zehar, haurrentzako jokoak izango dira.

 

«DJ Pakok kriston giroa jartzen du»

Denontzat taldeak ere haurrentzako oztopo lasterketa antolatu du. «Aurten ez da izango atletismo pistan, lekuz aldatu eta pistaren kanpoaldean jarriko du Ismael Mateok zirkuitua. 10:30etan hasiko da, Diana eta gero». Aipatutako sokatirak hartuko dio erreleboa eta patata tortilla lehiaketan indarberrituko dira auzotarrak. Herri bazkariaren ondoren eta bingoaren aurretik, Mus Txapelketa izango da eta txokolatada ere bai.

Jaien amaiera goizaldeko 02:00etarako dago iragarrita, baina beranduagora arte ere luzatzen omen da giroa, 04:00ak arte daukate baimena. «DJ Pakok kriston giroa jartzen du. 20:00etan hasiko da umeentzako dantzaldia eta afaldu eta gero, 23:00etan hasten da helduentzako dantzaldia. Oso ongi pasatzen dute denek. Urtero etortzen da». Musikarekin batera zezen suzkoa ere aterako da bigarren aldiz.

 

Zelabideko jai koloretsu eta jendetsuak egun osoan izango du gaur jarraipena

Sagastialde Elkarteak adin tarte guztientzako gozagarriak diren ekintzak iragarri ditu gaurko eta plater nagusia eguerdiko paella jatea da, apar festa, tortilla lehiaketa, sagardo dastaketa eta bingoarekin batera.

 

Igandean amaitu ziren Lizeagako jaiak, baina atsedenik ez dute izango herriko auzoetako festek. Izan ere, atzo hasi ziren Zelabideko jaiak. Bi eguneko egitarauarekin, aspertzeko tarterik ez dute izango auzotarrek eta bertaratzen diren guztiek. Atzoko ekitaldiak amaituta Sagastialde Elkarteak, gaurko, adin tarte guztientzako gozagarriak diren ekintzak antolatu ditu.

Jaien lehenengo egunean, urtero errepikatzen den Holi fest-ak ireki zuen jai bizia. Kolorez jantzi zuten Gabriel Zelaia plaza, eta txikienek gustora pasa zuten bertan arratsaldea. Koloretako hautsak botako zituzten airera, eta hamaika kolore hartu zituzten gazteenen jantziek. Ondoren, Jaixkipe txarangak hartu zuen lekukoa, auzotarrak txaranga doinuekin alaituz.

Bestalde, hainbat lehiaketa eta txapelketa ere izango dira aurtengoan. Besteak beste, Mus Txapelketako finala eta Toka Txapelketa.

 

Bollywood dantza erakustaldia eskaini zuten atzo lau dantzarik, koloretako hautsei bidea egiteko.

 

Goizean hasi eta ordu txikiak arte iraungo du festak

Horrekin batera, bazkari eta afari herrikoiak ere izango dira auzoan. Gaurko herri bazkarian, berriz, paella izango dute menuan. Bazkariko txartelak salgai jarri zituzten joan den asteburuan, Arri eta Eper tabernetan.

Adin tarte guztientzako ekintzak izango dira: puzgarriak, apar festa, Denontzat gimnasioak antolatutako oztopo-proba, DJ Pakorekin dantzaldia, eta beste hainbeste egiteko. Horretarako Gabriel Zelaia plaza, Bidebieta plaza eta Eper tabernako plaza bideratu dituzte. 

Aipatutako guztiagatik, antolatzaileek bertaratzeko deia luzatu diete herritarrei eta kanpotarrei.

EGITARAUA

GAUR

10:00 Diana.

10:30 Denontzat-ek antolatuta, haurrentzako oztopo proba. Atletismo pistan.

11:00 Sokatira herrikoia, Eper tabernako plazan.

12:00 Patata-tortilla lehiaketa, Gabriel Zelaia plazan.

12:00 Apar festa, Bidebietan.

12:30 Sagardo-dastaketa, Hernaniko sagardoarekin.

14:00 Paella herrikoia, herri bazkarian.

16:00 Puzgarriak, Bidebietan.

16:00 Toka Txapelketa, Eper tabernako plazan.

16:30 Mus Txapelketako finala, Gabriel Zelaia plazan.

17:00 Giza futbolina, Bidebietako futbol zelaian.

17:30 Txokolatada, Sagastialde Elkarteak antolatuta.

18:30 Jaien aldeko bingoa.

20:00etatik 22:00etara Umeentzako dantzaldia, DJ Pakorekin.

21:00 Denok afaltzera. Bokatak egongo dira txosnan.

23:00etatik 02:00etara Helduentzako dantzaldia DJ Pakorekin eta mozorro lehiaketa.

23:30 Zezen suzkoa.

02:00 Jaien amaiera.
*Egunean zehar jolasak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!