Mendiriz Mendiren argazki lehiaketan parte hartzeko, gaur azken aukera

Kronika - Erredakzioa 2022ko urr. 7a, 00:00

Gaur arratsaldeko 20:00etatik 21:00etara bitartean aurkeztu daitezke gehienez sei argazki, Mendiriz Mendiko lokalean. 

Urteroko ohiturari eutsiz, mendizale astearen baitan, XLIII. argazki lehiaketa antolatu du Mendiriz Mendi elkarteak. Lehiaketan parte hartu ahal izango dute elkarteko bazkideak eta Hernanin bizi diren argazkilari ez profesional guztiek. Gehienez sei argazki aurkeztuko dira eta gutxienez hiru: «eta nahitaezkoa da gutxienez argazki bat Hernanikoa izatea». 

Aurten, gairik ez du jarri Mendiriz Mendi elkarteak, beraz, modu libre batean aurkeztu daitezke argazkiak. Parte hartu nahi duenak, gaur arte du proposamenak aurkezteko aukera. Mendiriz Mendiko lokalera bertaratu behar da argazkiak entregatzera, gaueko 20:00etatik 21:00etara bitartean. 

Partaideek, izen-abizenak jarri beharko dituzte argazkiak entregatzerakoan, telefonoa eta aurkezten diren argazki kopurua ere adieraziz. CD edo USB batean entregatu beharko dira. 

 
Sariak eta hainbat ohar 

Guztira 5 sari banatuko dira eta ondorengoak izango dira kategoriak: Hernani; Mendia; Paisaia; Herrikoiena; eta Bilduma hoberena. Horrez gain, Mendiriz Mendik adierazi du, beste lehiaketaren batean saritutako argazkiak ez direla onartuko eta argazkiak proiekzioaren egun berean itzuliko dira. Halaber, azpimarratu dute, aipatutako oinarriak betetzen ez dituzten argazkiak lehiaketatik kanpo geldituko direla.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!