«Euskeraren erabilerak ia lau puntu egin du gora azken bost urteetan, Hernanin»

Kronika - Erredakzioa 2022ko urr. 8a, 00:00

Belen Urangak azaldu zituen ostegunean datuak, Biterin.

Soziolinguistika Klusterra ikerguneak burutu du ikerketa, eta ostegunean aurkeztu zituzten emaitzak. Ikerketa burutzeko lagina osatu dute behatu diren 1.264 elkarrizketek eta horietan solaskide izan diren 3.791 solaskidek. 

Joan den urteko udazkenean, Hernanin, Euskal Herriko beste hainbat herrietan bezala, Hizkuntzaren erabileraren kale neurketaren 5garren edizioa egin zuen Soziolinguistika Klusterrak, herrian euskeraren erabilera neurtzeko asmotan. Eta ostegunean, 'Hizkuntzen Erabileraren kale neurketa Hernanin' ikerketaren emaitzak aurkeztu zituen, Belen Urangak, Klusterreko teknikaria eta neurketaren emaitzen txostenaren egileetako batek. Hasieratik utzi zuen argi Urangak ondorengoa: «hizkuntzen erabileraren kale neurketek, errealitate soziolinguistikoa gertutik ezagutzeko aukera eskaintzen dute, behar-beharrezkoak dira hizkuntzen bizi-indarra ebaluatzeko». Neurketaren bidez, erabilerari buruzko «datu enpirikoak» eskuratu dituzte; ikerketa-galdera nagusi honi erantzunez: zenbat euskera erabiltzen da kalean? 

Nolanahi ere, Urangak zioen hizkuntzaren erabilera ez dela aldagai egonkorra: «ezta indibiduala ere; une bakoitzeko egoerak, solaskideek, eta testuinguruak baldintzatzen dute». Horregatik, ikerketa honetako erabilera-datuak interpretatzeko adierazle soziolinguistikoak, demografikoak eta soziologikoak ere aintzat hartu behar dira. 

Belen Urangak, helburuak zerrendatu zituen: «Hernaniko kaleetako hizkuntza-erabilerari buruz datu enpirikoak eskuratzea; hizkuntzaren kale erabileraren bilakaera ezagutzera ematea; eta euskeraren kale erabilerari buruzko datuak aztertzea eta interpretatzea».

 
Behaketa zuzena, hizkuntzaren erabilerari buruzko datuak lortzeko

Hizkuntzaren erabileraren kale neurketan, hizkuntzen ahozko erabilerari buruzko datu enpirikoak jasotzen dira, eta Urangak nabarmendu zuen, kaleetan entzundako elkarrizketetatik atera dela informazioa. Eta, beraz, espazio irekietan solasean ari ziren hiztunen jarduna behatuz jaso dira Hernaniko kale-erabilerari buruzko 2021garren urteko datuak, hau da, hiztunak behatuak izan direla ohartu gabe jaso dira hizkuntza-praktikei buruzko informazioa. 

Hain zuzen, kalean entzundako elkarrizketa horiek zein hizkuntzatan gertatu diren jaso dute neurtzaileek, eta elkarrizketa horietan parte hartu duten solaskideen ezaugarriak bildu dira: «betiere, behaketa zuzen bidez pertsonei egotzi diezazkiekegunak, inori ezertxo ere galdetu gabe: sexu-generoa eta adina. Azkenik, behatutako elkarrizketetan, hiztun aktiboa haurra den edo ez ere jaso da».

Datuak biltzeko prozedurari dagokionez, neurgailuen bidez egin dira, mugikorreko APP bidez, alegia. Modu honetan, datuak modu diskretuagoan jasotzea ahalbidetu duela ziurtatu zuen Klusterreko kideak. Neurtzaileek bikoteka bildu dituzte hizkuntzen erabilerari buruzko datuak. Hala ere, bi neurtzaileek izan zitzaketen intzidentziei aurre egiteko, datuak paperean jasotzeko aukera izan dute, une oro. Horrez gain, hainbat irizpide eman zaizkie neurtzaileei, hala nola dudazko kasuak ez jasotzea; haur jaioberrien presentzia berari zuzenean ari ez bazaizkie ez jasotzea; eta neurketa egin aurretik, ibilbidea errepasatzea. 

Hernaniko kasuan, ikerketa egiterako momentuan, bederatzi ibilbide hauek zehaztu zituzten adituek: Elizatxo eta Portu auzoak; erdigunea; Ereñotzu; Larramendi eta Lizeaga; Karabel eta Zikuñaga; Antziola; Gartzia Goldaraz eta Karmelo Labaka; Marieluts eta Latsunbeberri; eta azkenik, Sagastialde, Florida, eta Etxeberri. Datu bilketarako guztira 56 ordu eskaini dituzte, ibilbide bakoitzean 6 ordu osatuz. 

Aurkezpenean, Urangak emaitzen adierazgarritasunari eman zion garrantzia, izan ere, lagina osatu dute behatu diren 1.264 elkarrizketek eta horietan solaskide izan diren 3.791 solaskidek. Eta jarraian, laginari buruzko xehetasunak azaldu zituen: «Ikerketa honetan, Hernaniko kaleetan behatutako 3.791 solaskideak zein hizkuntzatan hitz egiten ari ziren jaso da. Metodologiaren ezaugarriak kontuan izanda, ezin da jakin behatu diren pertsona horiek Hernaniko biztanleak diren ala ez». 

 

Euskeraren erabilerak ia lau puntu egin du gora, azken bost urteetan Hernanin

Hernanin 2021ean eginiko Hizkuntzen erabileraren kale neurketak erakutsi du, ikerketa garaian, herriko kaleetan 10 lagunetik hiru ari zela euskerazko elkarrizketetan (%33,3); ia bi heren gaztelaniaz (%64,2), eta %2,4 beste hizkuntzetan. Horrekin batera, Soziolinguistika Klusterra ikerguneak, ikerketa honetan ateratako ondorioak eman zituen aditzera Urangak, azpimarratuz, euskeraren erabilerak ia lau puntu egin duela gora, azken bost urteetan: «bilakaera hori are eta interesgarriagoa da, aurreko bost urteko beherakadari itzulia eman zaiolako». Halaber, Hernaniko ibilbideei erreparatuz, Ereñotzun behatu da, eta ondorioztatu dute, «alde haundiarekin euskeraren kaleko erabilera haundiena duela. Alderantziz gertatu da, ordea, Karabel eta Zikuñagako ibilbidean, txikiena baita. Hala ere, oso kontutan izatekoa da, goranzkoa izan dutela euskeraren erabilera baxuenak dituzten ibilbideetan, hala nola, Antziolan;  Larramendin eta Lizeagan; Gartzia Goldarazen eta Karmelo Labakan; Sagastietan, Floridan eta Etxeberrin; eta Karabelen eta Zikuñagan. Alderantziz, erabilera datuak baxuagoak izan dira euskeraren erabilera altueneko ibilbideetan, hala nola, Ereñotzun, Erdigunean, Marielutsen, Latsunben; eta azkenik, Elizatxon eta Portu auzoan». Urangak gehitu zuen, nabarmentzekoa dela, bereziki, erabilera altueneko ibilbidean, zortzi puntuko beherakada jaso dela, hain zuzen ere, Ereñotzun. 

Soziolinguistika Klusterra ikerguneak ondorioztatu du, emakumezkoek, zertxobait gehiago egiten dutela euskeraz gizonezkoek baino, Hernanin: «oro har, Euskal Herriko lurralde guztietan errepikatzen den fenomenoa da, adin-talde guztietan, adinekoetan izan ezik. Badirudi, emakumeek eta gizonek euskararekiko izan ditzaketen irudi zein balio desberdinek hizkuntza-hautuan eragiten dutela. Etorkizuneko aztergai interesgarria da honakoa, zalantzarik gabe». 

Euskeraz gehien egiten den adin tartea, berriz, gazteetan da, «haurren eta heldu gazteen erabilerak batazbestekoaren gainetik kokatzen dira, eta neurri handi batean, euskararen erabileraren sendotzea eragiten dute».

Hernaniren kasuan, ikusi da, adin-talde guztietan, gehiago egiten dela euskeraz adin-talde ezberdinetako taldeetan, adinez pare-pare daudenean baino. Eta honekin lotuta, Klusterra ikerguneak ondorengoa ondorioztatu du: «Euskal Herriko kaleetan pertsona nagusiak euskeraz gehiago aritzen dira haurrak hurbil daudenean, eurak bakarrik daudenean baino». 

Beraz, Belen Urangak nabarmendu zuen, datozen urteetako bilakaerari begiratzerakoan, garrantzitsua izango dela haurren eta gazteen joerei erreparatzea: «Hernanin, datu baikorrak agertu direla esan daiteke, erabilera-datuek gora egiteaz gain, joera gorakorra baitu belaunaldi berrien euskararen kale-erabilerak. Dena den, gogoan izan behar da egungo euskal hiztunen profil linguistikoa desberdina dela garai bateko euskaldunen artean ohikoena zen profiletik. Horregatik, kanpo-eraginak tarteko direla ere, zaindu beharrekoak dira haur eta gazte horien hizkuntza-erraztasuna, euskaraz modu lasaian aritzeko aukerak eta euskarazko sozializazioa. Herritar guztiek dute zeregina eginkizun horretan. Euskararen biziberritzearena, ilusioz, erabakimenez, enpatiaz eta inteligentziaz gauzatu beharreko prozesu berritzaile eta eraldatzailea da, bizikidetza zainduz eta gizarte hobe bat eraikitzeko bidean».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!