Richard Goya bigarren, Gipuzkoako Txapelketan

Kronika - Erredakzioa 2022ko urr. 8a, 00:00

Richard Goya (erdian), txapeldunordearen sariak jasotzen.

Txapeldunorde izan da hernaniarra, junior mailan, ehiza txikian txakurrarekin. Bihar Euskadikoan ariko da.

Aurreko asteburuan jokatu zen, Arabako Santa Cruz del Fierro herrian, Gipuzkoako Ehiza Txikiko Txapelketa, txakurrarekin. Txoriarteko ehiza barrutian egin zuten, eta bertan izan ziren Gipuzkoako ehiztari onenak, zonalde bakoitzeko txapelketetatik sailkatuta. Eta juniorretan, maila ederrean aritu zen Richard Goya hernaniarra, Jack setter txakurrarekin: txapeldunorde izan zen, bi eper eta galeper bat ehizatuta. Galeper bat gehiago ehizatu zuen txapeldunak.

Goizeko 08:00etan zeukaten txapelketa hasteko hitzordua, lau kategorietako ehiztariek: seniorrak, juniorrak, emakumezkoak eta beteranoak. Behe-lainoak, ordea, probaren hasiera atzeratzea behartu zuen, eta 09:30etan ekin zioten. Bi zatitan banatu zuten ehiza eremua: batean aritu ziren seniorrak eta juniorrak, eta bestean emakumezkoak eta beteranoak. 50 ehiztari aritu ziren aurrenekoan, eta eguerdiko 13:00ak eta 13:30ak artean bukatu behar zuen proba ehiztari bakoitzak. Tarte horretan entregatu zuen bere txartela Richard Goyak.

 

Euskadiko Txapelketan, bihar

Gipuzkoakoan lortutako bigarren postuarekin, Euskadiko Txapelketa jokatzeko sailkatu da Goya, modalitate horretan. Bihar bertan jokatuko da, Txoriarteko ehiza barrutian hori ere. Irabaziz gero, Espainiako Txapelketarako sailkatuko litzateke.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!