Espainiako Txapelketa irabazi du Iker Fuentes hernaniarrak, foso unibertsaleko plater tiraketan

Kronika - Erredakzioa 2022ko urr. 8a, 00:00

Iker Fuentes Andia hernaniarra, Valladoliden, urrezko dominarekin.

200 plateretik 195 jo zituen Fuentesek, eta 86 partehartzaileren artean onena izan zen Valladoliden, Franci Panero gaztelarraren eta Marcos Moya kataluniarraren aurretik. 

Balentria ederra lortu zuen Iker Fuentes Andia hernaniarrak, aurreko asteburuan: plater tiraketako Espainiako Txapelketa irabazi zuen, foso unibertsalean. Autonomia erkidegoen arteko txapelketa zen, eta Euskadik deituta aritu zen Fuentes, Valladolideko El Rebollar tiralekuan.

200 plateretatik 195 jo zituen hernaniarrak, eta bera izan zen onena, 86 partehartzaileen artean. Podiumean, bi alboetan izan zituen Gaztela eta Leongo Franci Panero, bigarren, eta Marcos Moya kataluniarra, hirugarren: 193na plater jo zituzten biek.

25 platereko zortzi txanda jokatu zituen bakoitzak, eta primeran ekin zion txapelketari Iker Fuentesek: aurreneko bietan pleno egin zuen. Beste bik bakarrik lortu zuten hori, Juan Gonzalezek (Gaztela eta Leon) eta Veronica Nietok (Gaztela-Mantxa); baina hurrengoetan ezin izan zioten eutsi biek, hernaniarraren erritmoari. Izan ere, hirugarren txandan 24 plater jo ondoren, beste bi pleno lortu zituen Fuentesek, eta bi punturen aldearekin jarri zen lider, Paneroren aurretik. 24 plater jo zituen hurrengoetan, aldea pixka bat haundituz; eta azkeneko txandakoa izan zen bere puntuazio kaxkarrena, 23 punturekin. Nahikoak, edonola ere, txapeldun izateko.

Aurretik, abuztuko aurreneko asteburuan, foso olinpikoko Espainiako Txapelketa lehiatu zuen Fuentesek, El Rebollarren hori ere. 125 plateretatik 121 jo zituen, eta finalera sailkatzea lortu zuen, laugarren bukatzeko.

Irailaren 18an, berriz, Gipuzkoako Txapelketan bigarren izan zen Irunen, foso unibertsalean, 100 plateretatik 98 jota.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!