Zelabideko jaiek hartuko dute auzotako festen lekukoa, bihar eta etzi

Kronika - Erredakzioa 2022ko urr. 6a, 00:00
Zelabideko jaien hasierako Holi fest-a, joan den urtean.

Bihar hasiko dira Zelabideko festak, eta larunbatera arte luzatuko dira. Bi eguneko egitaraua prestatu du Sagastialde Elkarteak, eta adin tarte guztientzako gozagarriak diren ekintzak aurkeztu ditu.

Igandean amaitu ziren Lizeagako jaiak, baina atsedenik ez dute izango herriko auzoetako festek. Izan ere, bihar hasiko dira Zelabideko jaiak. Bi eguneko egitarauarekin, aspertzeko tarterik ez dute izango auzotarrek eta bertaratzen diren guztiek. 

Jaien lehenengo egunean, bada urtero errepikatzen den ekintza bat: Holi fest-a. Eta aurten ere, noski, kolorez jantziko da Zelabide, jaiei hasiera emateko txupinazoan. Koloretako hautsak botako dituzte airera, eta hamaika kolore hartuko dituzte herritarren jantziek. Arratsaldeko 18:00etan jarri dute horretarako hitzordua, eta segidan, Jaixkipe txarangak hartuko du lekukoa, auzotarrak txaranga doinuekin alaitzeko prest.

Bestalde, hainbat lehiaketa eta txapelketa ere izango dira aurtengoan. Besteak beste, Mus Txapelketako finala, Toka Txapelketa edota mozorro lehiaketa. Azken hori bihar izango da, eta saria dagoela aurreratu dute Sagastialde Elkartekoek.

Horrekin batera, bazkari eta afari herrikoiak ere izango dira auzoan, bi egunetan. Afariei dagokienez, txosnan bertan salgai jarriko dituzte bokatak, eta, beraz, festa girotik aldendu gabe, hantxe bertan afaldu ahal izango dute auzotarrek. Larunbateko herri bazkarian, berriz, paella izango dute menuan. Bazkariko txartelak salgai jarri zituzten joan den asteburuan, Arri eta Eper tabernetan.

Adin tarte guztientzako ekintzak aurkeztu dituzte, baina haurren jarduerek protagonismoa izango dute festetan. Izan ere, izango dira puzgarriak, apar festa, Denontzat gimnasioak antolatutako oztopo-proba, DJ Pakorekin dantzaldia, eta beste hainbeste egiteko.

Aipatutako guztiagatik, antolatzaileek bertaratzeko deia luzatu diete herritarrei, jai giroa ziurtatuta egongo da-eta!

ZELABIDEKO JAIAK

EGITARAUA

OSTIRALA

18:00 Txupinazoa eta Holi festa, Gabriel Zelaia plazan.

18:30 Jaixkipe Txaranga eta buruhaundiak.

19:30 Sardina dastaketa,
Gabriel Zelaia plazan.

20:00etatik 22:00etara Umeentzako dantzaldia DJ Pakorekin eta mozorro lehiaketa, Gabriel Zelaia plazan.

21:00 Denok afaltzera. Bokatak egongo dira txosnan.

23:00etatik 02:00etara Helduentzako dantzaldia DJ Pakorekin eta mozorro lehiaketa. Saria egongo da irabazlearentzat.

23:30 Zezen suzkoa.

LARUNBATA

10:00 Diana.

10:30 Denontzat-ek antolatuta, haurrentzako oztopo probak. Atletismo pistan.

11:00 Soka tira herrikoia, Eper tabernako plazan.

12:00 Patata-tortila lehiaketa, Gabriel Zelaia plazan.

12:00 Apar festa, Bidebietako plazan.

12:30 Sagardo-dastaketa, Hernaniko sagardoarekin.

14:00 Paella herrikoia, herri bazkarian.

16:00 Puzgarriak, Bidebietako plazan.

16:00 Toka Txapelketa, Eper tabernako plazan.

16:30 Mus Txapelketako finala, Gabriel Zelaia plazan.

17:00 Giza futbolina, Bidebietako futbol zelaian.

17:30 Txokolatada, Sagastialde Elkarteak antolatuta.

18:30 Jaien aldeko bingoa.

20:00etatik 22:00etara Umeentzako dantzaldia, DJ Pakorekin.

21:00 Denok afaltzera. Bokatak egongo dira txosnan.

23:00etatik 02:00etara Helduentzako dantzaldia DJ Pakorekin eta mozorro lehiaketa.

23:30 Zezen suzkoa.

02:00 Jaien amaiera.

*Egunean zehar jolasak izango dira haurrentzat.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!