Leoka labaderoa zaharberrituta, datorren ostiralean zabalduko dute

Kronika - Erredakzioa 2022ko urr. 5a, 00:00
Leoka labaderoa zaharberrituta, oraindik ere inguruan hesiak dituela.

Lanek 27.225 euroko kostua izan dute, eta hilaren 14an irekiko dute, Duo Jaderen kontzertuarekin. 

Joan zen ekainaren 20an hasi zituzten Leoka labaderoa zaharberritzeko lanak, eta aste honetan amaitu dituzte. Nolanahi ere, gunea oraindik hesiekin babestuta dago. Izan ere, Leoka labaderoa Emakumeentzako jabetze eskolen ikasturte hasiera ospatzeko topagunea izaten da urtero eta, aurten, urriaren 14an ospatuko da ekitaldi hori. Kubako Duo Jaderen kontzertua izango da, eta egun horretan zabalduko dute, berriro ere. 

Leokako labaderoa 1016. urtean eraiki zen. Jakina denez, garai hartan, iturri eta garbileku publiko gisa erabiltzen zen. Gainera, herriko emakumezkoentzako bilgunea ere bazen. 1980an eraberritu zen, baina, denboraren poderioz, egitura eta inguru osoa «oso kaltetuta» zeudela aipatu dute Udalekoek.

Horregatik ekin zieten, hain zuzen ere, zaharberritze lanei. Denera, lanek 27.225 euroko kostua izan dute. 

Hilabeteotan egindako prozesuak bi atal izan ditu. Lehenengoan, tratatu dira antzinako iturria, iturria inguratzen duen erretaula eta hareharrizko lau zutabeak. Eremu horretan zeuden landareak, goroldioa eta onddoak kendu dituzte, baita azalerako pintadak ere. Ondoren, iturria eta ingurunea berreraiki dituzte jatorrizko itxura berreskuratzeko asmoz. Amaitzeko, grafitien aurkako sustantzia bat aplikatu dute, «etorkizunean egin litezkeen pintadak harriaren barruan ez sartzeko eta errazago kendu ahal izateko».

Bigarren atalean, berriz, labaderoaren inguruneari heldu diote: egurrezko zutabeei, labaderoari, harrizko hormei eta ganga edo bobedaren barruko iturriari. Horretan ere, harrizko egiturak garbitu edo zigilatu dituzte, eta egurrezko zutabeak barnizatu eta margotzeaz gain, grafitien aurkako tratamendua ere egin dute.

 

Hernani Erabaki partaidetzako proposamena

Leoka labaderoa zaharberritzeko proposamena 2017ko partaidetzako aurrekontuetan onartu zen. 9.000 euroko partida aurreikusi zen horretarako, baina azterketa egin ondoren, labaderoaren egoera «uste baino okerragoa zen». Horregatik, diote, «esku-hartzea, sakonagoa eta integralagoa izan da».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!